Asteburutik aurrera Olatzagutiko Larunblai jardueran izena eman zuten guztiek parte hartzeko aukera izanen dute. Euskara maila zela eta, aurretik arituak baziren ere, Sakanako Mankomunitateak hasiera batean izena emandako bi gaztetxo kalean utzi zituen. Baina esan bezala, asteburutik aurrera jardueretan parte hartzeko aukera izanen dute.
Larunblai, Mank-eko Euskara Zerbitzuak antolatu eta Topaguneak kudeatzen duena, D ereduko ikasleei zuzendutako jarduera da. Haren helburua aisialdiaren bidez haur eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatu eta eremu informalean euskarazko harreman-sareak sortzea da. Helburu hori lortzeko, “aurreko urteetako esperientziak erakutsi digu D eredukoak ez diren neska-mutil batzuek ez zutela behar zen maila, eta horregatik aurten zorrotzagoak izan gara irizpide horrekin”, adierazi dute Mank-etik.
Probaz
Bi haurren gurasoek kexuaren ondoren Sakanako Mankomunitateak bere egin zuen Nafarroako Arartekoaren eskaera: “Larunblai jardueran parte hartzeko interesa dutenek euskara maila egokia dutela ziurtatzeko modurik egokiena izena eman duten guztiei gaitasun proba bat egitea dela”.
Mank-ek ikasturte honetan jarri nahi zuen neurri hori martxan, “beti ere jardueraren helburuak betetzea bermatu nahian”. Horregatik, Mank-ek euskara proba egiteko eskaera egin zion Euskarabideari. Nafarroako Gobernuaren menpeko erakundeak erantzun zuen prest dagoela etorkizuneko edizioetan euskara proba egiteko, baina aurten berriz ez. Mank-en jarrera hori ez du ulertzen. Horregatik, “euskara proba egiteko aurkitutako oztopoen aurrean, eta ikusirik ikasturtea aurrera doala eta proba behar baino gehiago atzeratuko zela, Mank-ek erabaki du euskara proba bertan behera uztea eta ikasturte honetan izena eman duten guztiak onartzea”.
Azkenik, bai Mank-eko Euskara Zerbitzuak bai Topaguneak jardueraren jarraipena eginen dutela azaldu dute, “helburuak betetzen direla berma dadin, eta bestela behar diren neurriak hartuko dituzte”.