Espainiako Auzitegi Nazionalak Nafarroako porlanaren sektoreko bost enpresek aurkeztutako helegitea atzera bota eta berretsi egin ditu Espainiako Lehiaren Batzordeak jarritako isunak, Diario de Noticiasek zabaldu duenez. Cementos Portland Valderrivas (CPV), Beriaingo Hormigones Beriain, Arangurengo Canteras de Echauri y Tiebas, Iruñeko Canteras y Hormigones Vre eta Cemex enpresek Konpetentziaren Defentsarako Legea hautsi zuten 2008an eta 2009an. Enpresek Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera dute .
Batzordeak jarritako isunaren erdia, 5.726.431 euro, Olatzagutiko porlandegiaren jabe den CPVk ordaindu beharko du. CPVk gainera 959.277 euroko isuna jaso duen Vre SA enpresaren jabetzaren erdia du. Sakanan presentzia duen zementu konpainiak guztira 6.206.069,5 euroko isuna jaso du. Gainera, Lehiaren Batzordeak “informazio guztia ez ematea, okerra eta gezurtia edo faltsua ematea” leporatu zion CPVri eta, horregatik, 1.285.649 euroko isuna jarri zion.
Salaketa
CTH-Hormigones Pamplonak salatu zuen gertaera. Espainiako Lehiaren Batzordeak ebatzi zuenez, Nafarroan eta inguruko lurraldeetan “porlanaren, agregakinen eta morteroaren prezioak finkatzeko eta pixkanaka igotzen joateko eta merkatua banatzeko akordioak egin” zituzten. Akordio horiek 2008ko garagarriletik 2009ko irailaren 22ra arte egon ziren indarrean. Erakundeak ebazpenean dioenez, “merkatuan konpetentzia mantentzeko konpetentziaren kontrako jarduera okerrenetako bat dira kartelak eta kontsumitzaileei kalte handiagoak sortzen dizkie”.