Stein gogoan

Guaixe 2014ko ots. 10a, 15:40

Ostiralean 30 urte bete ziren GALek Angel Gurmindo, Stein, eta Bixente Perurena, Peru, hil zituela. Bi iheslari politikoak omentzeko ekitaldia antolatu zuten haien lagunek eta Ipar Euskal Herriko Sortuk larunbatean Hendaian. GALek eta gerra zikinak eragindako samina oroitzeaz aparte, gatazkaren konponbiderako mezua zabaldu zen ekitaldian.

Jokin Etxeberriak hartu zuen hitza Sorturen izenean . “Gerra zikinak, Espainiako estatuak, erail zituen Peru eta Stein. Estatu horren azpijokoa eta maltzurkeriak oraindik dirau. Euskal Herriak duen egoera berriaren inguruan zabaldu diren aukerak indargabetzeko asmoa besterik ez dute Espainiako eta Frantziako estatuek”. Estrategia horri aurre egiteko tresna herri gisa gatazka gaindituz joatea bakea eta justizia eraikitzeko. Ezker abertzaleak sortutako mina onartzeko prest dagoela adierazi zuen eta beste eragileei gauza bera egiteko eskatu zien.