Maribel Aldasoro Cobo, Olaztiko boluntario taldeko sustatzailea

Alfredo Alvaro eta Maider Betelu 2014ko otsailaren 21a

1.Zergatik zara boluntario?
Ez dakit. Gustatzen zaidalako. Oso zoriontsu egiten nau. Aberasgarria da, ez soilik laguntzen duzulako, baizik eta jendearekin harreman berezia duzulako. Jendea boluntario egitera animatzen dut. Jende asko boluntario sartuko balitza lo egiteko pilula gutxiago hartuko lituzke.

2.Zer egiten duzue zuen taldean?
Garrantzitsuena da norberak nahi duena egiten duela da. Batek galtzerdiak egin ditzake, besteak soinekoak, prakak, jertseak, txanoak … norberak nahi duena. Gurean arropak egiten dira gehienbat. Gehiena norberak bere etxean egiten du, baina astero bitan biltzen gara, Olaztiko jubilatuen klubeko gela batean, asteartetan eta ostegunetan, 16:30etik 18:00etara. Berogailuarekin, oso gustura egoten gara bertan. Joste lanetan emakumeak gara guztiak, baina gizonezko boluntario pare bat badaude, kaxekin, bidalketarekin eta beste laguntzen digutenak. Boluntarioen senitartekoek ere laguntzen digute. Gainera, jJendeak ere asko laguntzen digu, bestela ezingo genituzke guk egindako gauzak eta guk bildutakoak bidali.

3.Zuek egindakoa nora bidaltzen duzue?
Une honetan Perura. Bertan Olaztiko eta Ziordiko moja batzuk daude eta beraiek kudeatzen dute guk bidalitako guztia. Normalean urtean bi bidalketa egiten ditugu. Guk egindakoa Madrilera bidaltzen dugu, eta elizbarrutiko Hego Amerikako Idazkaritzaren bitartez, guk bidalitakoarekin eta eurek bidalitakoarekin edukiontzi bat betetzen dute eta Bilboko portutik bidaltzen da Perura.
Azken bidalketa maiatza inguruan jaso zuten. Jantziekin batera botika asko bidali zen. Ez soilik botikari olaztiarrek jasotako botikak, baizik eta hirugarren mundura bidaltzeko denez, prezio sinbolikoan jartzen dizkiguten botikak ere. Honek lan asko ematen die botikariei, datu asko eskatzen dizkigutelakoz. Eta bidaltzearen porte edo gastuak garestiak dira. Asko kostatzen zaigu baina satisfazio handia ematen dizu bertara botikak bidaltzea, gaixo haiek ez baitute ezer.

4. Boluntario izateak zer ematen dizu?
Ez dakit azaltzen. Sentitzen den gauza bat da. Munduan horrenbeste desgrazia dagoudela ikusita, horrenbeste behar dituen jendea ikusita, zuk egiten duzuna gutxi da, oso gutxi, baina pentsatzen duzu: zerbait egiten ari naiz!

5.Eta zerbait kentzen dizu?
Ez, guk soberen duguna ematen dugulako. Denbora dugu soberan dugu. Boluntario izateak merezi du.

6.Zergatik parte hartu duzue boluntarioen inguruko Iortiako erakusketan?
Gizarte Zerbitzuek eskatu digutelako. Erakusketarekin lan polita egin dute eta bere emaitzak izaten ari da. Gaur bertan (asteartea) gure boluntario taldean interesa duen neska bat hurbildu zait. Boluntario taldeak eta euren lana ezagutarazteko tresna polita dela iruditzen zait. Gu 2001etik gaude lanean eta jendeak ezagutzen gaitu, baina Iortiako erakusketan ikustea ezberdina da.

7.Zure inguruan boluntario gehiago ezagutzen dituzu zuen taldekoez aparte?
Bai, boluntariotza ezberdinak dira baina egiten dira. Elizan, abesbatzan, belenzaleak, Sutegin txikiekin lan egiten dutenak… dena da boluntariotza.

8.Jendea boluntario izatea animatuko zenuke?
Jakina! Nik jendea animatuko nukeela, baina ez soilik norbera bere etxeetan gauzak egitera, baita gure taldearekin astean bitan biltzea baita ere.

9.Deskonektatu daiteke? Ala jendea betiko izaten da boluntario?
Badago boluntariotza utzi behar izan duen jendea, etxeko norbait zaindu behar zuelako, edo ikusmena galtzen hasi delako … gauza askorengatik. Badago garai bat gauza bati zure denbora eskaini ahal diozula eta beste bat beste gauzei eskaini behar diezuna. Ezin bada, ezin da.

10.Zergatik pasa beharko luke jendeak Iortiako erakusketatik?
Inguruan duenaz informazioa jasotzeko, inguruko boluntario taldeen berri izateko. Gure kasuan norberak bere etxean egiten du lan, norberak laguntzen du bere etxetik, eta hori guztiok egin dezakegu. Hori norberari atera behar zaio, baina probatzen baduzu ziur gustatuko zaizula.

11.Zuekin bat egiteko nora jo behar da?
Astearte eta ostegunetan pasa daitezke Olaztiko jubilatuenetatik. Ildo honetan, ez da gehiegi behar. Ez duzu apartekorik jakin behar. Kalatuak eta gauza ikusgarriak egin ditzakezu, baina helburua berotzea da, eta, horregatik, puntu boboarekin nahikoa da. Olaztiarrez gain, Altsasutik bi boluntario daude gure taldean, Etxarritik 1, Donostitik 1 eta Burgosetik 1. Laguntza ongi etorria da, etortzen den tokitik etorrita.