Palindromogile saritua

Guaixe 2014ko mar. 6a, 08:05
Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak antolatutako euskarazko palindromo lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du Migel Angel Barrerok.

Olaztiarrak lehiaketara palindromo hau aurkeztu zuen: auzi aurrean, amaren zain, iaz neramana: errua, izua. Dozena bat sortzaileren 70 palindromoren artean onena Barrero olaztiarrarena izan zen. Sari gisa Debako Txindurri Iturri nekazalturismo-sagardotegiak oparitutako bi lagunendako sagardo afaria, logela eta gosaria izanen ditu.

Sarituak esan digunez, betidanik izugarri gustatu zaizkio hitz jokoak. “Beti gaztelaniaz egiten nituen eta euskara ikasten hastearekin batera euskaraz egiten hasi nintzen”. Ohiko gurutzegramak eta autodefinituak aparte utzita palindromoak egin, bokal bakarra duten istorio laburrak sortu edota pangramak (alfabetoko hitz guztiak erabiliz esaldiak osatzea) egiten ditu. Barrerok aitortu digunez, bere erronka orain pangramak euskaraz egiten hastea da.

Olaztiarrak bere denbora librea hartzen du hitz jokoetan aritzeko. Papera eta boligrafoa eskutan hartu eta hitzekin jokatzeari ekiten dio. Gurutzegrama eta bestelako hitz jokoen aldean, berak egiten dituen jokoetan sortze lan bat badagoela aitortu digu. Barrerok azaldu duenez, palindromoen aberastasuna luzeran baino esanahian dago. “Esaldiak zentzua badu, horrek balio du”. Luzeagoak bazituela, baina itsusiagoak zirela aitortu zigun Barrerok.

Palindromoa
Ezkerretik eskuinera edo eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza edo esaldia da palindromoa.