Porlandegiei emandako isurketa eskubideen kontrako helegitea

Guaixe 2014ko apirilaren 3a

Enpresa horiei emandako isurketa eskubideak txikitzea eta porlandegi guztiei murrizketa ezartzea eskatu dute.

Errausketaren kontrako plataformen estatuko koordinadorak jarri du helegitea. Porlanaren sektoreak negutegi efektua sortzen duten gasen isurketarako estatuaren doako kopuru bat du. Koordinadorak salatu duenez, “benetan egiten duten isurketa baino handiagoa da kopuru hori. Porlandegiek soberan zituzten isurketa eskubideak salduz 400 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2008 eta 2012 arrean”. Bitartean, aldi horretan Kiotoko protokoloak zehaztutakoa baino isurketa gehiago egin ziren Espainian. Horregatik, “denbora tarte horretan estatuak 700 milioi euroko balioko isurketa eskubideak erosi behar izan zituen eta 40 milioi pasa den urtean”.

Ministro Kontseiluak azaro erdialdean enpresei doako isurketa eskubideak eman zizkien. Enpresen ekoizpena jaitsi denez, ingurumen estatu idazkaritzak otsaila akaberan 163 enpresen (7 porlandegi tartean) 2013-2020 aldirako isurketa eskubideak murrizteko ebazpena eman zuen. “Datu berririk ez dagoenean, harrigarria da estatu idazkaritzak hiru hilabete lehenago hartutako erabaki bat aldatzea” adierazi dute koordinakundetik. Azken horren ebazpenari jarri diote helegitea, ezarritako murrizketa eskastzat jo dutelako.

Azaroan adostutakoaren arabera porlanaren sektoreak bataz beste 21,9 milioiko doako isurketa eskubidea lortu zuen 2013-2020 aldirako. Porlandegien azken isurketa datuak 2012koak dira eta orduan 11,5 milioi CO2 isuriak egin zituzten. Koordinakundea kexu da behar baino isuri eskubide gehiago emanez porlandegiek hauek salduz negozioa egiten dutela. “Gainera, hondakinak erregai gisa erabiliz, isurketa eskubide gutxiago gastatzen dituzte. Isurketa eskubide soberakin handiagoak dituzte eta, beraz, negozioa egiteko aukera gehiago” kexu dira koordinakundean.