Tarima Beltza osatzen duen seikoteak euren azken muntaia, Nunca fuimos héroes antzezlana eramanen du gaur Olatzagutira. Xabier Mendigurenen La noche de los héroes obran oinarrituta sortutako “tragikomedia soziala” da. Bi familien istorioak opatuko ditu ikusleak eszenatokian.
Gaztetako bi lagunen harremaneko une bat ikusiko da taula gainean. Joseba (Juan Manuel Herrero) gaztetan politikan buru-belarri sartua zegoen, gaur egun langile soila da, ilusioak galduta, zapuztua sentitzen da. Bestea, Xabier (Josu Castillo) da. Enpresan gora egin du. Lanean gustura dago, baina emaztearekin tira-birak ditu eta nahiko bakarrik sentitzen da.
Josebaren emaztea Mila (Mertxe Herrera) da. Ospitalean lan egiten du. Egokitua. Goxoa da baina zapuztua dago senarrarekin beti tira-biratan dabilelako. Arantxa (Marta Diego) da Xabierren emaztea. Eroskiko kutxazaina da, baina gehiago behar duela sentitzen du. Bizitzan zerbait lortu duela erakusteko dirua eta gauzak lortu dituela erakutsi beharra du. Oso bakarrik sentitzen da. Bere alaba Irati (Natalia Martin) da, gizarte honen kontra dagoen gaztea. Gizarte honen kontra egoteaz aparte, amak ez duela ulertzen uste du. Bera ere bakarrik sentitzen da. Azkenik, Sasha (Amaia Mintegi) zerbitzari errusiarra dago, Arantxak etxeko lanak egiteko kontratatu duena.