Makina bat elikagai, bitxiak, dekoratutako oihalak, birziklatutako jantzi eta objektuak, oinetako dekoratuak, kosmetika produktuak eta bestek hartuko dute asteburuan Erburua kiroldegia. Artisau sakandarren eta gipuzkoarren 30 bat posturen artean non aukeratu izanen du bisitariak. Olatzagutiko Udalaren eta Erburua kiroldegiaren laguntzaz antolatu dute artisauek azoka.
Iturmendiko Luisa Ortiz zeramista titulatuak, bestalde, zeramika erakusketa jarriko du Erburuan. Mota guztietako piezak ikusteko aukera izanen da, zeramikak ematen dituen aukeren erakusgai. Ikusgai izanen diren pieza guztiak ez dira salgai egonen, baina enkarguak egiteko aukera izanen da.
Ortizek berak haurrei zeramikaren artea erakusteko tailer bat emanen du. Miren Goikoetxeak eta Toñi Amado sakandarrek, berriz, eskulan tailerrak emanen dizkiete txikiei. Ana Agirrek, bestalde, nahi duen guztiari aurpegia margotuko dio. Ortizek, bestalde, zeramikako zenbait tekniken inguruko azalpena eta erakusketako obren gaineko argibideak emanen ditu. Gainera, bihar, 18:00etan Bocalan Biak Bat elkarteak terapietarako txakurren lana zein den erakutsiko du.
Zozketa
Parte hartzen duen artisau bakoitzak erramu bat eginen du eta bisitarien artean hautatutako epaimahaiak originalenari saria emanen dio (kiroldegiko jatetxean birendako bazkaria).