www.guaixe.net, berritu denetik hainbat aukera eskaintzen ditu. Horien artean dago Komunitatea, zuzeneko parte-hartzea eskaintzen duena. Haren bidez sakandarrek edo ibarreko talde eta erakundeek euren profilak sortu ditzakete eta, haren bidez, euren argazkiak, testuak, bideoak eta audioak partekatu. Gainera, www.guaixe.net-eko Komunitateko profiletara igotako guztia Guaixeren Facebook eta Twitter kontuetan ere zabaltzen da. Hala, Interneteko Sakanako euskarazko komunitatea sortzen da.
Bierrik fundazioko kideak bihar Olatzagutian Komunitatearen berri ematen ariko dira. Web-orriak eskaintzen duen aukera horretan parte hartzeko egin beharrekoak azalduko dira. Hala egin zen pasa den asteazkenean Irurtzunen. Dozena erdi bat egon ziren azalpen-saioan eta profil bana sortu zuten. Irurtzun eta Olatzagutian bezala Bierrik fundazioaren asmoa da halako aurkezpenak herri gehiagotan egitea. Baina, bitartean interesa duenak www.guaixe.net web orrian sartu eta Komunitate atalean sartzea gonbidatzen ditu Bierrik fundazioak.
Azalpena zure herrian
www.guaixe.net Komunitatean interesa duenak eta bere herrian aurkezpena egitea nahi duenak bierrik@guaixe.net helbidera idatzi beharko du. Gutxienez sei pertsonako taldeak behar da.
Zer da Guaixe.net-eko komunitatea?
www.guaixe.net erabiltzen dugun guztion taldea. Kidez eta erabiltzaileez osatuta dago.
Zein erabiltzaileak?
Izena ematen baduzu eta ezizen bat edo jarri (nineu, jeronimo... edo antzeko beste bat), albisteetan erantzuteko aukera-eta izanen duzu. Zure erantzun guztien historiko bat osatzen ere joanen zara. Baina, Bierrik fundazioan ez dakigu nor zaren eta, hortaz, bestelako edukirik gehitzeko aukerarik ez duzu izanen. Eta, erantzunak ere, anonimoki baino hobe bestela emanda.
Zein dira kideak?
Kideak dira izen-abizena duten erabiltzaileak, anonimoak ez diren pertsonak eta taldeak. Benetako “aurpegiak”. Horiek, argazkiak, artikuluak, iruzkinak eta bestelako edukia gehitzeko aukera izanera dute www.guaixe.net-era.
Zer egin kide egiteko eta edukia gehitzeko?
Bi modu zehaztu ditugu erabiltzaile bat “benetakoa” dela ziurtatzeko.
Sare sozial bidez. Sortu zure erabiltzaile profila eta, ondoren, lotu kontu hori sare sozial batekin (facebook edo twitterrekin, momentuz). Sare sozial horietan kontua baduzu, automatikoki agertuko zara “kide” modura sare horretan dituzun datuekin (argazki eta izen-abizenekin).
Kide izaera eskatuta. Bete zure izen-abizenak eta biografia atala eta igo zure argazki bat. Ondoren, zure profilean eskatu www.guaixe.net-i kide izaera. Kudeatzaile batek konprobatuko du benetako datuak eman dituzula eta onartuko dizu eskaera. Eta, hortik aurrera, zure iruzkinak, argazkiak, bideoak... edo zure kanpoko bloga www.guaixe.net-era lotzeko aukera izanen duzu.
Behin izena emanda, edozer esan al dezaket?
Ez, noski. Gogoratu arau sinple hauek Guaixe.net-en parte hartzeko erregistratu beharra dago. Alegia, erabiltzaile bihurtu. Erantzunetan edo bestelako ekarpenetan, Guaixe.net-ek akusazioak eta irainak ez ditu onartuko. Halakoak baleude, Guaixe.net-ek kentzeko eskubidea dauka. Testua euskaraz idatzi behar da. Bestela, Guaixe.net-ek kendu eginen du.