3, 2, 1, 0… Olazti-Urbasa II. Rallysprinta Jokoan!

Guaixe 2014ko maiatzaren 24a

Gaur jokatuko da, maiatzaren 24an, larunbatean, Sakana Motorsportek antolatuta. Proba 15:30ean hasiko da, baina errepidea 13:00etan itxiko da.

Sakana Motorsportek eta Nafarroako Automobilismo Federazioak antolatuta, gaur, maiatzaren 24an, II. Olazti-Urbasa Rallysprinta jokatuko da, Nafarroako Rallysprint Txapelketarako proba puntuagarria izanen dena. Errepidea eguerdiko 13:00etan itxiko da, eta proba 15:30ean hasiko da.



5,5 km-ko zirkuituari lau itzuli

Antolakuntzak 5,5 km-ko zirkuitu polita antolatu du, Olaztiko herri gunean hasi, Urbasako Altamiraraino igo, Altsasuranzko bidetik jaitsi eta Olaztiraino helduko dena, bihurgunez, aldapaz eta zailtasun teknikoko maniobraz josia. Zirkuitu horri 4 pasada egin beharko dizkiote pilotu eta kopilotuek. Tarte labur horretan denetatik dago: bidegurutzeak, aldapak, espaloiak, maldak edo rasanteak, chicaneak… Gainera, Urbasak beti erakartzen du, eta Altamirako jaitsiera proba jarraitzeko toki oso polita izanen da, autoak azkar ibiliko baitira. Beste toki interesgarria, zalantzarik gabe, Olazti herri gunea bera da, bertatik pasako baitira ibilgailuak. 



35 auto eta inoiz baino sakandar gehiago

35 auto lehiatuko dira II. Olazti-Urbasa Rallysprintean, parte hartze oso polita. Inoiz baino pilotu eta kopilotu sakandar  gehiago ariko dira: Garikoitz Flores-Iñaki San Migel (Mitsubishi EVO VI), Iban Lopez de Goikoetxea-Lander Mella (REnault 5 GT Turbo), Arkaitz Irigoien-Oier Larrañaga (Renault R11 Turbo), Garikoitz Goñi-Ricardo Garriz (Renault R11 Turbo), Aitor Fernandez-Eneriz Besga (Golf), Andonio Lopez de Sabando-Ekaitz Jarones (Peugeot 205 GTI), Javier Goikoetxea kopilotua Juan Jose Sanz pilotuarekin (Clio Sport), Iñaki Gastaminza kopilotua Egoitz Korosorekin (Clio Sport), Iker Askargorta kopilotua Isaak Zurbanorekin (Opel Kadett GSI) eta abar.



Segurtasuna bermatzeko kasu antolatzaileei

Puntako ikuskizunak jendetza erakarriko duela uste du antolakuntzak. Eguraldi iragarpenak ez du euririk aurreikusten eta zale ugari espero dira Olaztin. Proba gertu jarraitzeko aukera izango dute, antolakuntzak horretarako propio prestatutako eremuetan. Hortik kanpo ez kokatzeko deia egin du Sakana Motorsportek. “Segurtasuna ezinbestekoa da. Kotxe karreraz ari gara. Horregatik antolakuntzari eta segurtasun taldeari kasu egin behar zaio” nabarmendu dute. Halaber, ibilbide barruan ez aparkatzea eta norberak bere zaborra gordetzea, Urbasa parke naturala baita, eskatzen dute. 


Ikusleek 12 sarrera izango dituzte proba guztian barna: Irteera (Ameztia kalea), El Cielo taberna gunea, udaletxea, Santa Ana, igerilekua, Erburua kiroldegia (2 eremu), San Sebastian ermita, harrobi bidea, Altamira, Valcarce gasolindegia eta helmuga (Altamiratik jaitsi eta errepidearekin bat egiten duen eremua). Hortik sartu eta ibilbidean koka daitezke, antolakuntzak zehaztutako espazioetan. 

Nahiz eta lehendabiziko autoa 15:30eaan atera, goiz goizetik zer ikusi egongo da Olaztin. Clinker aurreko futbito pistan bilduko dira ibilgailu guztiak, egiaztapenak pasatzeko. Handik banaka-banaka joango dira irteera eremura (Ameztia kalea). Giroa lehen ordutik bermatuta dago. Ongi pasa, ingurunea zaindu eta segurtasun arauak errespetatu!



Guaixe eta Beleixeri laguntza

Sakana Motorsportek Guaixe eta Beleixe Sakanako euskal komunikabideen alde egin nahi izan du. Horrela, komunikabide horiek sustatzen dituen Bierrik fundazioarendako izango da Olazti Urbasa Rallysprinteko sarreran kobratuko den diru kopuru bat. Trukean Bierrik fundazioko kideek sarrera kobratuko dute eta rallysprintaren garbiketa lan guztia egingo dute, larunbatean eta igandean. Norbaitek lagundu nahi badu, dei dezala 948 564 275ra edo jo dezala bierrik@guaixe.net posta elektronikora.



Lehen sakandarrarendako II. Guaixe Saria

Juan Manuel Herrero Zapak diseinatu du II. Guaixe Saria. Horretarako Urbasan jasotako harriak erabili ditu. Sari hori jasoko dute II. Olazti-Urbasa Rallysprintean sailkatzen diren lehen pilotu sakandarrak eta bere kopilotuak. 



2 bazkariren zozketa

Rallya jarraitzera gerturatzen diren zale guztien artean 2 lagunendako 2 bazkari zozketatuko dira: Altsasuko Iru-bide jatetxean 2 pertsonarendako bazkaria eta Arbizuko Olatzean 2 pertsonendako bazkaria. Sarrera ordaintzearekin batera ikusleek jasoko duten flyerrean sarirako zenbakia izanen dute. Zozketa larunbatean bertan egingo da, sari banaketarekin batera, eta zenbaki sarituen berri Guaixen, www.guaixe.net web gunean eta sare sozialetan emanen da.



Bukatzeko, erromeria

Motorraren festa borobiltzeko, Maisuenea gaztetxeak Ingo al deu? taldearen erromeria hartuko du, 20:00etan, gaztetxean (ikus kultura saila). 



Egitaraua

9:00etatik 13:00etara: Ibilgailuen egiaztapen tekniko eta administratiboak eta ibilgailuen aurkezpena Clinker aurreko aparkaleku itxian.

14:00etan: Probara onartutako kotxeen zerrendaren publikazioa.

15:00etan: Lehen parte-hartzailea aparkaleku itxitik aterako da asistentzia parkerantz.

15:30ean: Lehen parte-hartzailearen irteera, irteera gunetik.

19:00etan: Lehen parte-hartzailearen helmugaratzea. 
20:00etan: Emaitzen publikazioa eta sari ematea Clinkerren.