Villares eta Blas nagusi II. Olazti-Urbasa Rallysprintean

Guaixe 2014ko maiatzaren 26a

Iban Lopez de Goikoetxea eta Lander Mella irteera puntura gerturatzen.
Iban Lopez de Goikoetxea izan zen lehen pilotu sakandarra (10. postua) eta Javier Goikoetxea lehen kopilotu sakandarra (2. postua). Lasterketa behar baino lehenago despeditu zen, rallysprintetik aparte gertatutako istripu batengatik

Eguraldiak ez zuen lagundu Sakana Motorsportek eta Nafarroako Automobilismo Federazioak larunbatean antolatutako II. Olazti-Urbasa Rallysprintan, baina hala ere 30 auto aurkeztu ziren proban parte hartzera. Zaleak ere poliki hurbildu ziren, baina aurreko urtean baino motorzale gutxiago bildu ziren Olaztin. 13:00etan itxi zen errepidea eta lasterketa 15:30ean abiatu zen. Antolakuntzak aparteko garrantzia eman zion segurtasunari eta ikusleek proba jarraitzeko egon ahal ziren tokiak eta debekatuta zeuden espazioak oso ongi markatuta zeuden.

Istripua
Antolakuntzak Olaztiko herri gunetik abiatu, Urbasako Altamiraraino igo eta Altsasuranzko bidetik jaisten zen 5,5 kilometroko zirkuitua prestatu zuen, bidegurutze, aldapa, espaloi, rasante eta chicanez beteta. Ibilbide polit horri 4 itzuli eman behar izan zizkioten pilotuek eta kopilotuek. Proba behar baino lehen despeditu zen, 4. eremuko azken txanpa jokatzen ari zela, rallysprintetik aparte istripu bat gertatu zelako. Urbasako portua igotzen ari zenean, eta ezagutzen ez diren arrazoiengatik, motorzale batek istripu bat izan zuen arratsaldeko seiak inguruan, eta Guardia Zibilak eta Suhiltzaileak bertara joan behar izan zuten, ezpondan eroritako motorzalea erreskatatzera. Rallya artatzen zuen anbulantziak ospitalera eraman behar izan zuen motorzalea, kolpe asko zituela eta lasterketa moztu behar izan zen. 4 auto geratzen ziren proba bukatzeko eta antolakuntzak proba bertan behera uztea erabaki zuen. Zorionez, rallyan parte hartu zuten autoek ez zuten istripurik izan.

Sakandarrak
II. Olazti-Urbasa Rallysprintean Martin Villares eta Andoni Blas (Renault Clio) izan ziren azkarrenak (14:00.700), Juan Jose Sanz pilotuari eta berari laguntzen ibili zen Javier Goikoetxea kopilotu sakandarrari (Renault Clio Sport) 20 segundo atereaz (14:20.400). Urki Peñalba-Ramon Irigoien (BMW M3) izan ziren hirugarrenak (14:41.400). Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarra izan zen lehen sakandarra, Lander Mella kopilotuaren laguntzarekin (Renault 5 GT Turbo). 10.ak sailkatu ziren (15:19.200). Biek Juan Manuel Herrero “Zapa” artista altsasuarrak egindako II. Guaixe Saria jaso zuten.

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Arkaitz Irigoien-Oier Larrañaga (Citroën AX) 12.ak sailkatu ziren (15:29.500), Antoni Lopez de Sabando-Ekaitz Jarones (Peugeot 205 GTI) 15.ak (15:49.400) eta Aitor Fernandez-Eneriz Besga (Volkswagen Golf) postu berean (15:52.900). Egoitz Koroso pilotuarekin kopilotu lanak egin zituen Iñaki Gastaminza 5.a izan zen (Renault Clio Sport, 15:02.900)eta Isaak Zurbanorekin aritu zen Iker Azkargorta 11.a (Opel Kadett GSi, 15:25.800). Bukatzeko, Garikoitz Floresek eta Iñaki San Migelek (Mitsubishi Lancer EVO VI) ez zuten irteera hartu.

Zozketako sarituak
Rallya jarraitzera gerturatu ziren zaleek, sarrera ordaintzearekin batera zozketa baterako zenbakiak jaso zituzten. Izan ere, jarraitzaileen artean 2 lagunendako 2 bazkari zozketatu ziren, Altsasuko Iru-bide jatetxean 2 pertsonarendako bazkaria eta Arbizuko Olatzean 2 pertsonendako bazkaria. Ondoko zenbakiek lortu dute saria: 0353 eta 0973. Sarituek jar daitezela Guaixeko bulegoarekin harremanetan (948 564 275). Sakana Motorsportek beste behin Guaixeren eta Beleixeren alde egin nahi izan du eta rallysprinteko sarreran kobratutako diru kopuru bat Sakanako euskal komunikabideendako izanen da. Trukean Bierrik fundazioko langile eta boluntarioak lanean izan ziren rallysprintean.