Ludotekako talde bat alkohol kontsumo prebentzio lehiaketan txapeldun

Guaixe 2014ko ekainaren 19a

Interneteko Salta Planetas taldekako ginkanan proba hezitzaile eta ludikoak egin behar izan dituzte Naia Bengoetxeak, Nerea Imazek eta Sara Alberdik

Hiru gaztetxoak pozik dira sari gisa jaso duten tablet banarekin. Horretarako hiru bat astez ginkana birtual batean parte hartu behar izan dute, estatuko beste 5.559 gazterekin batera. Salta planetas ginkanan dozena bat proba osatu behar izan ditu hirukoteak. Guztiak ere nerabeen artean alkohol kontsumoak sortzen dituen arazoen prebentzioarekin lotuak, alkohol kontsumoaren inguruko analisi kritikoa egin eta hari buruzko diskurtso propioa sorrarazteko.

Lehiaketaren berri Akelarre ludotekatik bidalitako bilera gonbite batean jaso zuten hiruek. Adinkide olaztiar guztietatik hirurak izan ziren parte hartzera animatu zirenak. Adin horretako nerabeen gurasoei ere lehiaketaren berri eman zieten beste bilera batean. Baina, azkenik, talde bakarra eratu zen eta horrekin aurrera egitea erabaki zuten Eneka Irizarrek, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko prebentzio teknikariak, eta Virginia Alonso ludotekariak. Haiek izan dira laguntzaileak.

Dinamika
Sarituei ideia polita iruditu zitzaien ginkana birtualarena eta parte hartzea erabaki zuten. Beleixe Irratian (FM 107,3) esan dutenez, gauza asko ikasi dituzte: “alkohola edatearen ondorio fisikoak, harremanetan duen eragina, kale edanean zer egin behar den eta zer ez…”
 
Ginkanak iraun duen bitartean Olaztiko ludotekan elkartu dira eta han Internet bidezko lanak egin dituzte. Batzuetan zerbait irakurri eta galderak erantzun behar zituzten. Idazlan bat ere idatzi dute. Iñigo Aritza ikastolako ikaskideei kale edanean zer edari erabiltzen dituzten, kale edanaz zer pentsatzen duten eta bestelako galderak zituen inkesta egin zieten. Mozorrotuz pertsonai batzuk sortu zituzten ginkanarako ere.

Antolakuntzak emandako ereduetan oinarrituta bideoa, iragarkia, egin zuten. Hartan gelakide guztiek parte hartu zuten, jende guztiarendako aproposa zen edari bat iragartzen. Laguntzagatik bonboiak eman zizkieten, baina ikaskideek sari gisa jaso dituzten tabletak nahiago dituztela esan diete behin eta berriz. Hirukoteak interesgarriak diren lehiaketetan aurkezteko asmoa azaldu du.

Lehiaketaz
Irizarrek Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, Fundación de Ayuda contra la Drogadicción erakundeak antolatutako lehiaketa da. “DBH 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta dago eta alkoholarekin lotutako arazoak nerabeen artean murrizteko asmoz antolatu dago”.

Virginia Alonso Olatzagutiko ludotekariak azaldu duenez, prebentzio programarekin etengabe elkarlanean ari dira, aspalditik. “Arlo honetan urtero zerbait berria egiten saiatzen gara eta aurten lehiaketa honekin lanean jartzea erabaki genuen”. Alonsok nabarmendu du eguneroko jardunaz aparte, ludotekatik beti saiatu direla gaztetxoekin zerbait egiten. “Eneka eta biok beti saiatzen gara, batzutan aurrera egiten dute, besteetan ez”.

Pozik daude hezitzaileak, “agian haiek baino gehiago poztu gara. Saria ez zen helburua. Aurten hiruk parte hartu dute eta saria eskuratu dute. Agian, heldu den urtean gehiago animatuko dira”. Pozik daude ikastolan ere eragina izan duela ikusi dutelako eta ikastetxeari eskerrak eman dizkiote tutoretza ordutan lan egiten uzteagatik.