Euskara eta kultura uztartzen zituen egitarauarekin despeditu zuten ikasturtea Olatzagutiko Herri Eskolan. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izan zuten: jolasak, kirola, musika eta dantza elkarrekin lotuz.
Ikasleek sortutako jardueren artean Olatzagutiko euskararen mapa dago. Herrian euskara erabiltzeko aukera ematen duten denda, erakundeak edota elkarteak identifikatu ondoren, euskararen aldeko leloak zabaldu zituzten gune horietan. “Gure hizkuntza eskolako eremutik herrira zabaltzea izan zen ekintza honen helburua, ikasleek ikus dezaten euskara kalean ere bizirik dagoela” esan digute ikastetxetik.
Zientziak ere izan zuen bere tartetxoa herriko eskolako geletan Marikalanbreren esperimentuekin. Eta astea despeditzeko, Eñaut Elorrieta musikariarekin egoteko aukera izan zuten ikasle, irakasle nahiz gurasoek. Lehen Hezkuntzako ikasleekin izandako solasaldiaren ondoren, kantuz agurtu zuten ikasturtea. Olaztiko eskolak eskerrak eman nahi dizkie jarduera hauetan kolaboratu duten guztiei.