Kaleratutako lau langile enpresara itzultzeko epaileak hartutako erabakiaren aurrean Olatzagutiko porlandegiko UGTk “poza” azaldu du, eta nabarmendu du epaiak “kaleratzeen arduradun enpresa egiten duela soilik”. Pasa den urtean Cementos Portland Valderrivasek (CPV) talde guztiarendako aurkeztu zuen enplegu erregulazio espedientearen negoziazioan UGTk asmo hirukoitza izan zuela gogorarazi du: kaleratzeen kopurua ahalik eta gutxien izatea, kaleratuendako kalte-ordain handienak lortzea eta ahalik eta lantegi gutxien ixtea.
Olatzagutiko porlandegian hasieran 29 langile kaleratzea aurreikusten zela eta azkenik 16 izan zirela (8 aurre-jubilazio) gogorarazi zuen. Baita ELAk bere egin ez zuen eta sinatu ez zuen estatuko akordioa asanbladaren %71k babestu zuela ere esan dute UGTtik. Kaleratuen zerrenda enpresak egin zuela nabarmendu nahi izan dute. Ekoizpena %67 jaitsi denean Olatzagutiko porlandegia zabalik eusteko helburuz aritu zirela berretsi dute UGTkoek.