Landa garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Jose Javier Esparzak atzo esan zuen Nafarroako Gobernuak hondakinak errausteko aukera baztertu egin duela. Adierazpen horiek atzo Nafarroako Parlamentuan egin zituen, epaitegiek Sakanako Mankomunitatearen helegitea onartu eta 2010-2020 Nafarroako Hondakin Kudeaketarako Plan Integrala baliogabe utzi ondoren.
Esparzak bi arrazoi eman zituen irizpide aldaketa argudiatzeko. Batetik, gaur egungo hondakinak berreskuratzeko sistemen eraginkortasuna. Eta, bestetik, Europako legedi berriak. Kontseilariak plana berraztertzea eta hondakinen kudeaketaren inguruan adostasuna lortzeko alderdi guztien negoziazio prozesua zabaltzea proposatu zuen. Hala ere, errausketa baztertu bazuen ere, Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzeko aukera ez zuen baztertu.
PSNeko Samuel Caro parlamentariak agorrilaren 7an Nafarroako Gobernuari hondakin plan berrian errausketarik ez jasotzea eskatu zion. Hala ere, Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzea egoki jotzen zutela adierazi zuen Juan Jose Lizarbek bost egun beranduago.