Heldu den ostiralean hasiko dira San Migel festak Olatzagutian. Baina aurreko aste guztia kultur jardueraz beteta heldu da. Gaur hasi eta heldu den ostegunera arte antzerkia, musika, zinema, dokumentala eta ardo dastatzea izanen dira. Kultur etxeak hartuko du egitarau guztia. Ikuskizunetarako sarrerak, aldez aurretik, udaletxean eskuratu daitezke (10:00etatik 14:00etara) eta emanaldiaren egunean bertan, hura hasi baino ordu erdi lehenago.
Egitaraua
Ondoko hilobiko tipoa
Irailaren 19an, ostiralean, 22:30ean Olatzagutiko kultur etxean.
Neskatila pinpirin bat baserrian, eta baserritar bat operan; ezberdinak diren bi mundu elkarren ondoan, maila soziokultural ezberdineko bi lagun aurrez aurre. Ondoko hilobiko tipoa Begoña Bilbaok zuzendutako komedia jostagarria da. Aiora eta Pablo dira protagonistak. Lehena liraina, goxoa eta alarguna da; eta berekoia, burugogorra eta ezkongabea bestea. Bi gazte, bi mundu. Eta biak hilerrian elkartuko dira, hilerrian.
Iker Galartza eta Aitziber Garmendia aktoreek jokatuko dute protagonisten paperak. Biak ere antzerki, telebista saio eta abarretan eskarmentu handikoak dira.
Epa!
Irailaren 20an, larunbatean, 20:00etan Olatzagutiko kultur etxean. Demode Quartet.
Mikel De La Fuentek, Joli Pascualenak, Iker Huitzik eta David Roscok umorez betetako ikuskizun musikala eskainiko dute. Haiek osatzen dute Demode Quartet eta Epa! ikuskizunerako euskal kantuen a capellako bertsioak, koreografia atseginak eta elkarrizketa bitxiak batu dituzte.
Laukotearen ustez euskal “esentziak” eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan. Hala, erabat seguru daude countryaren, jazzaren, sanbaren, bollyboodaren edo pop modernoaren jatorria Euskal Herrian dagoela. Eszenatokian hori erakusten saiatuko dira. Horretarako, esku-soinuarekin laguntzaz Itoiz, Lertxundi edota Leteren kantuen bertsioak eskainiko dituzte.
Mollie Malonen ipuin sinestezina
Irailaren 21ean, domekan, 17:00etan Olatzagutiko kultur etxean. Txalo.
Mollie Malone neskatoaren aitonak bere baratza zoratu dela dio. Aitonaren arabera tomateak behar baino lehenago gorritu dira, izozte batek letxugak alferrik galdu dizkio, babarrunak ez dira loratzen.... Beraz, bere iloba Mollie liburutegi batera bidali du zer gertatzen ari den jakitera. Baina liburutegia berezia da. Neskatoak abentura zirraragarria biziko du, tartean lau pertsonaia berezi ere ezagutuko dituelarik. Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendutako ikuskizunean Iraitz Lizarraga, Alfonso Diez eta Aitor Fernandino aktoreak jokatuko dituzte pertsonaien paperak.
Las brujas de Zugarramurdi
Irailaren 23an, asteartean, 20:00etan, Olatzagutiko kultur etxean.
Alex De la Iglesiak zuzendutako filmak, lapurreta batetik ihes egiten duen lapur baten eta sorgin haragijale batzuen arteko topaketa kontatzen du.
Hijos de la Tierra
Irailaren 24an, asteazkenean, 20:00etan Olatzagutiko kultur etxean. Axel O´Mill eta Patxi Uriz.
Naturarekin erlazio estua duten Espainia, Brasil, Mexiko, Bretaina Handia eta Frantziako pertsonen lekukotzak jasotzen ditu dokumentalak. Ama-lurra bizi iturri gisa aurkezten da eta Ama-lurraren seme-alaba izatea zer den, horretaz jabetzea bulkatu nahi du egileak. Ikusleari osasunaren eta planetaren zaintzari buruzko hausnarketa sortaraziko dio. Emanaldiaren akaberan Patxi Uriz Domezainekin, zuzendarietako batekin, ikusitakoaz hitz egiteko aukera izanen da.
Ardo dastatze hastapena
Garilaren 25ean, ostegunean, 19:00etatik 21:00etara Olatzagutiko kultur etxeko 2. gelan.
Nafarroa Jatorri Izendapeneko hainbat ardo dastatuz enologian murgiltzeko hastapen ikastaroa izanen da. 25 pertsonendako tokia izanen da dastaketan. Izena eman nahi duenak hilaren 22ra arteko epea dauka. Udaletxera joan eta horrekin batera hiru euro ordaindu beharko ditu.
Los ochomiles son más que hielo y piedra. Ser mujer en Baltistan.
Irailaren 19tik lastailaren 1era arte, Olatzagutiko kultur etxean. Baltistan fundazioa.
Mendizaletasunean elkartasuna bide. Lelo hori du Baltistan fundazioak. Nazioarteko garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta Baltistango (Karakorum mendimultzoaren barruan dago, Pakistanen) Hushe ibareko komunitateetan bizi diren pertsonen giza garapen integral eta endogenoa lortu nahi du. Argazki erakusketak emakumeek bizi duten egoerari erreparatuko dio.
Kultur asteko ekitaldi bakoitza hasi baino bi ordu lehenago izanen da erakusketa ikusgai. Horretaz aparte, lastailaren 1ean, 20:00etan, Baltistani buruzko dokumental bat izanen da ikusgai. Eta horrekin batera fudazioko kide olaztiar batek hitzaldia emanen du egun berean, kultur etxean.