Beriaini Urbasak hartuko dio lekukoa

Guaixe 2014ko irailaren 26a

Bihar jokatuko da, 10:00etan,  VIII. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa. 304 korrikalarik hartuko dute parte

Olaztiko San Migel festekin batera, bihar, larunbatean, VIII. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa jokatuko da. Proba Olaztiko Sutegi kirol elkarteak antolatu du, Olaztiko Udalaren eta Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Federazioen laguntzarekin, eta Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Euskal Koparako baliagarria da.  

Ibilbide nagusia eta kadeteena
Urbasa-Andiako paraje zoragarrietatik barna ibiliko dira korrikalariak. Olaztiko mendi lasterketak 23,2 kilometro ditu eta desnibel positiboa 1.367 metrokoa da. Korrikalariek goizeko 10:00etan emanen diote hasiera probari, Clinker paretik (528 m). Zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute, Tontorraundira (1.157 m). Mendi gainean, bira gorabeheratsua eginen dute, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m), Morterutxora jaitsi (890m) eta segidan Zelai handitik (1.113 m) Bargagainera heltzeko (1.153m). Ondoren Gainsoilera (1.068 m) eta Ordotzeko putzuraino. Handik jaisten hasiko dira, Urbasako portugainera, eta gainbehera zorrotzetik Olaztiraino iritsiko dira. Ibilbidean 4 denbora kontrol puntu izanen dira, edaria eta janaria hartzeko guneak eta osasun laguntza ere izanen dituzte puntu estrategikoetan.
Bestalde, antolakuntzak kadeteendako 15,6 km-ko ibilbidea antolatu du.

Partaide gehiago
304 korrikalari daude izena emanda probarako, aurreko urtean baino gehiago. 2013an 240 korrikalarik parte hartu zuten eta Ionut Zincak segundo batean hobetu zuen Olatzagutia-Urbasako errekorra (1:45:58). Emakumezkoetan Alicia Olazabal izan zen lehena (2:20:04). Eta lehiatu ziren 35 sakandarren artean azkarrena Jose Luis Beraza uhartearra izan zen (1:59:47), helmugan 8.a.

Sariak
Sari-banaketa ekitaldia helmugan izanen da 13:30 aldera. Maila absolutuan, neska eta mutil onenek, hurrenez hurren, 350 euro, 175 euro, 125 euro eta 75 euro jasoko dituzte. Horretaz gain, irabazleek txapela jantziko dute eta lehen hirurek trofeoa jasoko dute. Lehen beteranoek 75 euroko saria izanen dute. Promesa, junior eta kadete onenek garaikurra jasoko dute. Bestalde, proba bukatzen duten parte-hartzaile guztiek opari poltsa jasoko dute. Gainera, korrikalari guztien artean Urbasako 10 gazta banatuko dira.

www.olatzagutia-urbasa.net
Probaren inguruko informazio guztia, izen emateak, mapak eta beste.