3,2, 1, 0… has dadila ikuskizuna!

Guaixe 2014ko urriaren 3a

34. Urbasako Igoera jokatuko da bihar, larunbatean, 14:00etatik aurrera. Errepidea 9:00etan itxiko da. 59 pilotu lehiatuko dira

Sakana Motorsport taldeak antolatuta, 34. Urbasako Igoera jokatuko da bihar, larunbatean, 14:00etatik aurrera. Motor zaleendako xarma berezia du Urbasako Igoerak. Arrakasta handiko ekitaldia da, ikuskizun hutsa. Eguraldi ona iragarri dutenez, antolatzaileek Olazti-Urbasa igoerako txokoak zaleez betetzea espero dute.

Antolaketa lan handia
Beti da zaila tamaina horretako ekitaldi bat antolatzea: baimenak lortu, segurtasuna lotu, dirua bildu … Aurrekontu handia behar da proba aurrera ateratzeko, aseguruak eta beste estaltzeko. Zailtasunei aurre eginez, Sakana Motorsport taldekoak munduko ilusio guztiarekin ari dira lanean. Horretarako Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen, Bierrik fundazioaren eta hamaika komertzio eta babesleren laguntza izan dute, eta Motorsport taldekoak eskertuta daude.

Errepidea 9:00etan itxiko da
Errepidea goizeko 9:00etan itxiko da. Hortaz, Urbasara igo nahi dutenek ordu hori baino lehenago egin beharko dute. Ibilbidean barna antolakuntzako kideak izanen dira, beharrezko argibide guztiak emateko.

59 pilotu
34. Urbasa Igoera Nafarroako Mendi Txapelketarako puntuagarria da. 10 kategoria ezberdineko ibilgailuek parte hartzeko aukera dute. Autoak Clinker aurreko futbitoko pistan egongo dira, parke itxian, eta asistentzia gunea Erburua kiroldegiko aparkalekuan egongo da.

Pilotuei Urbasako igoera asko gustatzen zaie, oso erakargarria da. Urte pila batean jokatu da eta izen handikoa da. Aurten 59 pilotu lehiatuko dira, asko aski ezagunak: Europako txapelduna izandako Pantxo Egozkue (Silver Car S2), Arkaitz Ordoki (Silver Car S2), Joseba Iraola (Silver Car S2)… Aurreko urtean Urbasako igoera irabazi zuen Aitor Arakistain ez da aurten lehiatuko.  

Pilotu sakandarrak
Hainbat pilotu sakandar lehiatuko dira. Gustura lehiatuko dira etxean. Tartean daude Garikoitz Flores (BRC), Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 GT Turbo), Garikoitz Goñi (Renault 11 Turbo), Arkaitz Irigoien (Renault 11 Turbo), Andoni eta Asier Lopez de Sabando (BMW 325), Oier Larrañaga (Citroen AX)…  

3,72 kilometroko igoera
Ibilbideari dagokionez, Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean jokatuko da proba, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura. Hau da, 5,72 km izanen ditu, eta Olaztitik Urbasako portua igo arte jokatuko da. Ibilbideak bi zati dauzka. Lehenengo zatia irteeratik hasi eta "Salto de aguas" izenez ezagutzen den tokira artekoa da. Zati oso azkarra da, autoak ziztu bizian doaz eta akaso, ibilbideko bihurgunerik okerrena lehen zati horretan dago. Abiadura horren azkarra da ezen bihurgune horren peralteak kanpora botatzen baitu autoa. Kontu handia izan behar da hor. Bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da. Bihurgunez betetako zatia da, gehienak ferra bihurguneak, edo 180 gradukoak. Beraz, autoek abiadura moteldu beharko dute. Ikusle gehienak bertan pilatzen dira. Igoera auto indartsuendako egokia da. Izan ere, zati azkar asko daudenez, motor indartsua behar da.

Segurtasuna eta garbitasuna, funtsezkoak
Pilotuen eta ikusleen segurtasuna bermatzea da antolakuntzaren helburu nagusia eta horregatik, soilik zehaztutako guneetan kokatzeko eskaria eginen zaie Urbasara hurbilduko diren zaleei; debekatutako eremuetan ezingo da egon. Horretaz aparte, Urbasa-Andia natur parkea dela kontuan hartuta eta inguruarekiko errespetua adieraziz, antolakuntzak norberak bere zaborra jasotzea eskatzen du. Hortik aurrera, autoen ikuskizunarekin gozatzeko eta, eguraldia lagun, egun polit bat pasatzeko deia egin diete zaletu guztiei.

Zozketa: Iru-Biden bazkaria
Sarrerarekin batera jasotako esku-orrian zenbaki bat agertuko da. Bi lagunendako bazkaria zozketatuko da Altsasuko Iru-Bide jatetxean. Saritutakoaren berri Facebooken (Guaixe), Twitterren (@guaixe) eta Guaixe astekarian emanen da, urriaren 10ean.  

Egitaraua
9:00etan: Urbasako errepidea trafikoarendako itxiko da.
9:00etatik aurrera: Ibilgailuen egiaztapen tekniko eta administratiboak Clinker parean.
14:00etan: Entrenamendu ofizialak.
Segidan: Lasterketako lehendabiziko eta bigarren mangak.
Lasterketaren ondoren: Sailkapenak publikatu eta sari ematea, Clinker jatetxean.

Boluntarioak behar dira
Urbasako igoera antolatzeko boluntarioen laguntza behar da, besteak beste, sarrerak kobratzeko. Boluntarioek dei dezatela 618 88 26 75 telefonora.