30 urteko lehen garaipenaren ondoren, Pantxo Egozkue azkarrena Urbasan

Guaixe 2014ko urriaren 6a

Garikoitz Flores eta Joseba Iraola, atzean Pantxo Egozkue dutela.

60 pilotu lehiatu ziren Urbasan, giro paregabean, eta Garikoitz Flores lakuntzarra laugarrena sailkatu zen eta Iñigo Zelaia bakaikoarra 9.a

Sakandarrak Urbasako igoeran
1.Pantxo Egozkue (Silver Car S2): 3:23.195
4.Garikoitz Flores (BRC): 3:28.771
9.Iñigo Zelaia (Leon): 3:57.351
13.Arkaitz Irigoien (Renault 11 Turbo): 3:59.137
18.Garikoitz Goñi (Renault 11 Turbo): 4:02.861
26.Andoni Lopez de Sabando (BMW 325): 4:12.991
31.Oier Larrañaga (AX): 4:17.497
35.Asier Lopez de Sabando (BMW 325): 4:23.581


Beste behin, arrakastatsua izan zen Urbasako Igoera. Aurten 34. edizioa bete zuen proba beteranoak eta 60 pilotuk hartu zuten parte. “Krisia nabaritzen da, urrezko garaietan 80 pilotuen tokia berehala agortzen baitzen. Baina kontuan hartuta soilik Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria dela, handia da parte hartzea” adierazi zuen probako komisarioetako batek. Sakana Motorsport taldeak antolatu zuen proba, Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen, Bierrik fundazioaren eta hamaika komertzio eta babesleren laguntzarekin.

Proba jarraitzera zale ugari hurbildu ziren. Askok gaua egin zuten Urbasan. Janaria, edaria, eguzkitakoak, haimak eta guztiz hornituta, egun pasa bikaina egin zuten, pilotuak etengabe animatuz. Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean jokatu zen lasterketa, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura, Olaztitik hasita Urbasako portura itzo arte. 5,72 km-ko ibilbidea zuten aurretik pilotuek, eta ziztu bizian igo ziren. Entrenamenduaz gain, bi manga osatu behar izan zituzten.

Zaleek lehia estua espero zuten Arkaitz Ordoki (Silver Car S2) eta Joseba Iraola (Demon Car) pilotuen artean, baina azkenean Pantxo Egozkue pilotu beteranoa (Silver Car S2) izan zen azkarrena Urbasan gora (3:23:195). Duela 30 urte Urbasan bere lehen garaipena lortu zuen Egozkuek, eta hiru hamarkaden buruan lehen mailan jarraitzen duela erakutsi zuen pilotu nafarrak. Ordoki izan zen bigarrena (3:23:983) eta Iraola hirugarrena (3:25:742). Sakandarrei dagokienez, Garikoitz Floresek Joseba Iraolaren formula batekin estreinatu zen (BRC) eta lan bikaina egin zuen lakuntzarrak: proban laugarrena izan zen (3:28.771), lehen sakandarra. “Haur bat zapata berriekin bezala nago auto honekin. Jostailu bat bezalakoa da, play-arekin auto bat gidatzen ariko bazina bezala. Zoragarria da” zioen lakuntzarrak entrenamenduen ondoren. Halako auto batekin lehen aldia zenez, autoa ez zuen nahikoa ezagutzen eta ezin izan zion nahi zuen zuku guztia atera, baina pozik zegoen lakuntzarra. Halako autoa hartzen zuen lehen aldia izateko, lan bikaina.

Sakandarrak ongi
Garikoitz Floresen ohiko autoarekin Iñigo Zelaia bakaikoarra aritu zen (Seat Leon). 15 urtez lehiatu gabe aritu ondoren, errepidera itzuli zen berriro Zelaia eta bikain moldatu zen, 9.a sailkatu baitzen. “Oso gustura nabil. Ez dakit berriro ere ez ote naizen engantxatu…” zioen bakaikoarrak, irribarrez. Izan ere, lan ona egin zuten pilotu sakandarrek. Renault 11 autoa erabiltzen duten Garikoitz Goñi eta Arkaitz Irigoien ere pozik zeuden Urbasan. “Pixkat urduri gaude, beti gertatzen zaigu, baina etxeko karrerak korritu behar dira. Jende asko dago eta giro polita” zioten biek. Andoni eta Asier Lopez de Sabando anai altsasuarrek proba bukatzea lortu zuten. Aldiz, Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra (Renault 5 GT Turbo) ez zegoen batere kontentu. Entrenamenduetan ez zen igo, eta nahiz eta lehen manga burutu, bigarrenean ez zen atera, pistoi bat apurtu zitzaiolako. “ Zelako hilabetea! Aurreko asteko Zeberio-Arteako Rallysprintean Ford Focusa apurtu eta orain beste autoarekin matxura!” zioen pilotu olaztiarrak. Triste zegoen jaioterrian lasterketa bukatu ez izanagatik.

117, zenbaki saritua
Sarrerarekin batera bi lagunendako bazkaria zozketatu zen Altsasuko Iru-Bide jatetxean. 117 izan da zenbaki saritua. Irabazlea jarri dadila Bierrik fundazioarekin harremanetan (618 88 26 75, 948 564 275).