Troskerako errekak herria hartu zuen

Guaixe 2015ko mar. 2a, 15:47

Ostegunean Urbasatik jaisten den Troskerako errekak gainezka egin eta Olatzagutiaren zati handi bat urpean utzi zuen. Troskerako errekak lur azpitik zeharkatzen du herria Arakil ibaian bukatu aurretik. Errekak berak ekarritako adarrek eta abarrek sortutako tapoiak ura lurpeko bidera beharrean lur gainetik bideratu zuen. 6:30etik 8:30era bitartean ura Olatzagutiko kaleez nagusitu zen. Udaleko langileak hainbat etxe, biltegi eta bajeretatik ura ateratzen aritu ziren. Haietan urak parketean, pladurrean eta abarrean kalteak sortu zituen. Ondoren udaleko langileak herria garbitzen aritu ziren, errekako urak hainbat kale bereganatu baitzituen.
 
Troskerako erreka Urbasako portutik behera jaisten da. Olatzagutira iritsita, Arronga plaza ondoan, Ingurabide kalean, sartzen da lurpean, eta ibairatu aurretik Errekalde, Larratxota, Nagusia, Pelotalekupe, Sacti Spiritu eta San Frantzisko kaleak lurpetik zeharkatzen ditu. Bestalde, Erburua aldetik jaisten den errekak ere lurpetik zeharkatzen du herria, Troskerakoarekin San Frantzisko kale azpian bat egin eta Arakil ibaian bukatu arte.