Mundua mugiarazten duten lan ikusezinez

Guaixe 2015ko mar. 6a, 13:33

Larunbatean, 20:00etan, Olatzagutiko kultur etxean.

 

Merkatuan ez dagoena ez da ekonomiaren zati eta, beraz, ez da ez kontuan hartzen, ez ikusten ezta baloratzen ere. Gizateriak berak segitzeko baita sistema kapitalista mantendu eta birsortu dadin ere, ezinbestekoak eta beharrezkoak dira estaltzen zaizkigun lan horiek. Tradizionalki emakumeek egiten dituzten lanak eta haien artean transmititzen direnak; denbora, ahalegina, ezagutza, energiak, estrategiak, dedikazioa eta beste eskatzen dituzten eta kontuan hartzen ez diren lanak.

Bi emakumeren bizitza aurkeztuko zaigu taula gainean. Biek, atsedenik gabe, euren mundua marrazten ari dira, itzalean guztiaz eta guztiez arduratuz, isilka-misilka mundua eraikiz. Lanaldiaren ondoren, babeslekuan, neka-baldarratuta, euren desioen desertuan sartuko dira. Bizimodu batera kateatuta. Bata besteari kateatuta. Transzendentziarik gabeko rol batera kateatuta. Aldeak alde, pareko direla aitortuko dute. Kateak apurtzeko prest egonen diren, beste kontu bat da.

Plataforma Tirante eta Keli taldeak sortutako DesEncadenArte obrak emakumeen eta haiek egiten duten lanen ikusezintasunari buruz hitz egiteko saiakera bat da. Antzerkiaren bidez publikoa hausnarketa kolektibora gonbidatu nahi du. Tailer-dinamika moduko bat sortuko da eta ikusleek protagonisten bizitzaz hitz egin eta eztabaidatzeko aukera izanen dute. Baita antzezpena nola bukatu nahi duten erabaki ere, obrak ez baitu bukaerarik.

Fitxa
Zuzendariak: Estibaliz Villa eta Jose Ibn
Aktoreak: Gilda Pizarro eta Estibaliz Villa.