Porlandegitik kaleratutako ELAko kideak lanean

Guaixe 2015ko mar. 19a, 15:08
ELAko ordezkariak eta porlandegiko delegatuak prentsaurrekoan.

Nafarroako Auzitegi Gorenak Cementos Portland Valderrivas bereizkeria sindikalarengatik zigortu zuen eta ELAko afiliatuak berronartzera behartu du.

Madrilen UGTk eta CCOOk negoziatutako Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) baten ondorioz, 2013an Olatzagutiko porlandegitik bederatzi langile kaleratu zituzten, haietako sei ELAko kideak. Sindikatuak epaitegira jo zuen eta arrazoia eman dio: ez zien arrazoi ekonomiko edo antolakuntzakoengatik kaleratuak izan, baizik eta bere esangura sindikalagatik”. ELAko bost kide lanera bueltatu dira, “kaleratze traumatikoaren ondoren enpresa utzi du besteak”.

Porlandegiko ELAko ordezkari Ruben Garciak esan duenez, “argi utzi du ELAren ibilbidea errepresaliatu nahi zela”. ELAtik “sindikalismo autonomo eta erreibindikatzailearen egunerokotasuna” aldarrikatu dute. Hauteskunde sindikaletan porlandegian ordezkari bat gehiago lortu dutela gogora ekarri du Garciak, “eta boto bategatik ez genuen bosgarrena lortu bulegoetan”. Sakanako ELAko buru Gorka Viergek, porlandegiko afiliatu eta gainontzeko militanteen konpromisoa nabarmendu zuen: “hain zaila den egungo egoeran, azken finean, makina bat enpresatan urte askotan lortutako lan baldintza duinekin bukatzea eragozteko azken oztopoa militanteak dira”.

Lekunberriz
Sindikatuko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntzak esan zuen epaiak EEE negoziatu zuen Nafarroako UGTko buru Javier Lekunberri“askatasun sindikalen kontrako espedientea sinatzeaz eta koordinatzeaz arduratu zen”. Lakuntzak gogora ekarri zuenez, “zuzendaritzak, 2013tik, enpresa batzordeari ez dio ordu sindikalen inguruko informaziorik eman. Beraz, ez dago modurik jakiteko nondik jasotzen duen soldata Lekunberrik, ordu sindikalak ez badira ELAren sindikalismoaren kontra izandako jarrerarengatik izan litekeen argitzea eskatu diogu bai enpresari eta Lekunberriri”.

Sindikatuak CEN patronalari dei egin zion “isil egoteari utzi, publikoki bere konpromisoa agertu dezan eta lan egin bere bazkideen artean funtsezko eskubideak errespeta ditzaten”.