Eguneroko sentsazioak flamenkoaren bidez adieraziak

Guaixe 2015ko mar. 27a, 13:30

Larunbatean, 20:00etan Olatzagutiko kultur etxean Sandra Gallardo dantza konpainia

Iruñean sortutako dantza flamenkoko ikuskizuna hartuko du bihar Olatzagutiko kultur etxeak: Blanco y Negro; txuria eta beltza. Ikuskizun flamenkoaren bizitzan ditugun sentipenetan oinarritzen da: gorrotoa, amodioa, mina eta poza. Sentipen horiek 17 emakumek dantzaren bidez adieraziko dituzte. Musika flamenkoaren mugimendu guztien bidez egunero sentitzen dugun onera edo txarrera eramanen dute dantzariek publikoa. Txuria eta beltza. Dantza flamenkoa eta garaikidearen bidez adierazitako sentimendu bilduma. Eszenatokian bizitako sentimenduen munduaren barna egindako bidaia da ikuskizuna.

Sandra Gallardo
Guraso andaluziarren alaba nafarra sei urterekin hasi zen Nafarroako Gobernuaren dantza eskolan ikasten. Zortzi urtez boleroa, klasikoa, espainiar klasikoa eta flamenko dantzak ikasten aritu zen. 16 urterekin dantza eskolak ematen hasi zen Gallardo. 22 urte daramatza dantza eskolak ematen eta adin guztietako ikasleak trebatu ditu. Bere izeneko eskola martxan du, eta Iruñean itzal handieneko flamenko dantzaria da.