Portlandgo langileen lan osasunerako eskubidea aldarrikatzen

Guaixe 2015ko api. 27a, 15:28
Portland-eko langileak 14:00etatik 15:00etara egin dute kontzentrazioa lantegi atean.

Enpresak lan istripuak falta larritzat hartzen ditu eta langileei santzioak jartzen dietela salatu dute.

Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresako langileek ordu bateko lan uztea egin dute, ELAk eta CCOOk deituta (UGTk ez du deialdiarekin bat egin). Nahikoa da. Gure osasuna ez da salerosteko leloa zuen pankartaren atzean egin dute kontzentrazioa. Enpresa batzordean gehiengoa duten bi sindikatuek jakinarazi dutenez, “CPV eta mutua elkar hartuta ari dira lan istripuen ondoren. Daukan arrisku guztiarekin, langileak beste lanpostu batean birkokatzen dute, edo opor egunak hartzeko eskatzen diote”.

Enpresa batzordetik nabarmendu dute langileak txostenetako zenbaki hutsak baino, “duintasuna duten pertsonak” direla. CPVri lan istripuak ez errepikatzeko neurriak hartzeko eskatu dizkiote. Baita santzioak kentzeko ere. Baina aldeen arteko bilera alferrik izan zen.

Azken urtean hartutako jokabidea azken aldian okertu egin dela nabarmendu dute enpresa batzordetik. Eta bi langileri lau eta bost eguneko isunak jarri dizkietela azaldu dute. Gertaerak duela hilabete Lan Ikuskaritzan salatu zituzten, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Hiru bajekin kaleratuak izan daitezkeela gogora ekarri dute. “Langileak bajak ez hartzeko edo haiek ezkutatzeko presioa jasaten ari gara”. Lan istripu bat ezkutatu ondoren, osasun egoera okertu eta orain operatu beharra duen langile baten adibidea jarri dute. Halako egoera gehiago ez errepikatzeko, gainontzeko lankideak lan osasunerako eskubidearen alde batzera animatu dituzte.

112
Olatzagutiko porlandegian lanean ari diren langileak.