Absoluzioa Salinasendako

Guaixe 2015ko mai. 6a, 19:40
28 gazteen alde Olaztin egindako kontzentrazioa.

Segiko kide izateagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten eta fiskalak harendako sei urteko espetxe zigorra eskatzen zuen.

Gaur jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak 28 gazte independentisten auziko epaia. Haietatik zazpiri sei urteko espetxe zigorra jarri die auzitegiak. Epaiketan fiskalak hamabiri akusazioa kentzeko eskatu zuen eta haien artean zegoen Ainara Ladron arbizuarra. Epaileek orain beste bederatzi gazte absolbitu dituzte eta horien artean dago Imanol Salinas olaztiarra.

Guztiei Segiko kide izatea eta, beraz, “erakunde terroristako kide” izatea leporatu zieten (hala izendatu zuten Segi 2007an). Fiskaltzak gazteen kontrako zigor eskaerak haiei inkomunikazio aldian hartutako deklarazioetan eta auzitegi berak garagarrilean absolbitu zituzten 40 gazteen deklarazioetan oinarritu zituen. Deklarazio horiek torturapean atera zizkietela salatu zuten gazteek epaiketan zehar (irailaren 22tik abenduaren 19ra)

Sakandarrak
Imanol Salinas Ijurko 2010eko lastailaren 22an atxilotu zuten Olatzagutian. Espetxean urte bat eta hiru hilabete eman ondoren, 30.000 euroko bermea ordainduta 2012ko ilbeltzaren 18an utzi zuten aske. Loiolako aske gunean atxilotu eta beste hilabete eman zuen espetxean udazkenean. Ainara Ladron sarekada berean atxilotu zuten Elgoibarren. Urte eta bost hilabete egin zituen behin-behinean espetxean, 30.000 euro pagatu ondoren 2012ko martxoaren 27an bermepean aske utzi zuten.