Urbizu iheslaria Mexikon atxilotua

Guaixe 2015ko mai. 6a, 20:15

Bihar, 19:30ean, herri batzarra eginen dute Olatzagutian eta hilaren 17rako manifestazio deialdia egina dago.

Haren kontrako estradizio aginduarekin, Hilario Urbizu San Roman iheslari olaztiarra Mexikon atxilotu dute gaur. Azken urteetan gaixotasun larria izan du eta atxiloketak bere osasun egoera arriskuan jarri dezakeela eta kezka azaldu dute hurbilekoek. Atxiloketaren inguruko informazioa zabaltzeko biharko, 19:30ean, herri batzarra deitua dago Olatzagutian. Eta Hilario askatu! Iheslariak etxera! lelopean maiatzaren 17an, 19:00etan manifestazioa eginen da Olatzagutian.

Sortutik adierazi dutenez, “konponbidean ahaleginak egin beharrean konponbidea oztopatzea helburu duen estatu baten aurrean gaude, herritik eta nazioartetik indarrak biltzen eta presio soziala indartzen jarraitzea dagokigu gatazkaren ondorioz kartzelan eta ihesean dauden denak etxean izan arte”.