Musika jaialdia Maisuenearen 20. urteurrenean

Guaixe 2015ko mai. 8a, 11:53

Bihar, 18:30etik aurrera, Olatzagutiko gaztetxearen aurreko aldean.

 

Gazte olaztiarrek 1995eko maiatzaren 10ean okupatu zituzten irakasleen etxeak izandakoak. Haietan gaztetxea martxan jarri zuten, Maisuenea. Olaztiko Gazte Asanbladak (OGA) urteurrena ospatzeko musika jaialdi handia prestatu du. Hala ere, haren aurkezpenean OGAko kideek nabarmendu zuten bi hamarkadako ibilbidean “oztopo ugari izan ditugu eta honaino iristea ez da erraza izan”. Gazteek esan dutenez, “urteetan egindako lanarekin herrian altxor hau izatea lortu dugu”. Horregatik, “ametsak errealitate bihurtzen” lagundu dieten guztiei esker ona azaldu diete.

Gozategi
Aurretik plaza asko zapatuak bazituen ere, taldearen aurreneko diskoa gaztetxea okupatu zen urte berean argitaratu zuen Gozategik, 1995ean. Kantu fresko eta dantzagarriz betetako errepertorioa du Gozategik. Bihar horixe aletuko dute Asier Gozategik (trikitixa eta ahotsak), Iñigo Goikoetxeak (baxua eta ahotsak), Imanol Goikoetxeak (gitarra eta ahotsak), David Gorospek (bateria) eta Iñigo Perona (tronpeta).

Behin Betiko
Duela 20 urte gaztetxean jo zuen Lakuntzako taldeak eta urteurrenaren kontura gonbitea jaso eta baita onartu ere. Sergio Goikoetxeak (baxua) azaldu digunez, biharko emanaldia prestatzeko bi hilabete entseatzen eman dituzte, “lan asko egin dugu errepertorioa berreskuratzen”. Berarekin batera, laukotea Jon Miranda (ahotsa), Iban Sarda (gitarra) eta Aritz Igeltz (bateria) osatzen dute. Azken horren anaia Iker zen taldekidea baina Gatillazo taldearekin beste emanaldi bat du eta ezin izanen da bihar aritu.

Euren estiloan aldaketa handirik ez dela eta duela 20 urteko kantak gaur egungo egoeran primeran kokatzen direla esan digu Goikoetxeak. Taldeak 1996an ateratako maketako kantuak eta bestelakoak joko dituzte. Garai hartan lakuntzarrak Nafarroako Gobernuak antolatutako musika lehiaketan aurrean ibili ziren eta Euskadi Gaztea taldearen maketa lehiaketan ere finalistak izan ziren. Taldea desegin ondoren, kideek nork bere bideari heldu diote, baina Behin Betiko behin baino gehiagotan piztu dute. Ez digute argitu segida izanen duen.

Hesian
Hegalak astintzen heldu da Hesian Olatzagutira, seigarren diskoa aurkeztera. Musika indartsua eta bizia, haizeekin eta neska-mutil ahotsekin hornituriko punk-rock melodikoa. Zuriñe (ahotsa), Fran (Ahotsa eta gitarra), Iker (gitarra), Bruno (baxua), Danel (bateria) Igotxo (saxo), Boni (tronpeta) eta Aitor (tronboia) dira Hesian.

Arkada Social
Arrasateko street punk taldea izanen da eszenatokira igotzen azkena. Hainbatean berpiztu den taldeak lau disko eta DVD bat ditu argitaratuak. Hodei (ahotsa eta baxua), Brian (gitarra), Mikel (gitarra) eta Julio (bateria) laukoa izanen da oholtzan.

Ludovaina
Talde bat bukatu eta bestea hasi bitarteko tartean ariko dira galiziarrak jotzen. Galiziako musika estilo tradizionalari aire berri bat eman dio Ludovainak. Laukotea da Ludovaina: Serafin Santos (bonbo, perkusioa eta beste), Rodri Martinez (danborra), Roberto Sotelo (gaita) eta Pablo Rial (gaita).

Oihan Vega
Taldeak despeditu ondoren musika festak disko jartzailearekin segituko du, Oihan Vegarekin. Aurretik Olatzagutiko festetan egona da dj ezaguna. Telebista eta irratiko saioengatik ezaguna, Oihan Vega denetariko musika motez osatutako disko festekin plazak betetzera pasa da.