Urbizu askatzeko

Guaixe 2015ko mai. 15a, 10:11

Igandean, 19:00etan, Olatzagutian Hilario askatu! Iheslariak etxera! leloa duen manifestazioa eginen da.

Hilaren 6an atxilotu zuten Mexikon Hilario Urbizu San Roman iheslari olaztiarra. Hura atxilotzeko nazioarteko agindua emana zuen Espainiak Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. epaitegiak. Urbizu Mexikon espetxeratuta dago, epaileak Espainiaren estradizio eskaera aztertu bitartean. Atxiloketa salatzeko eta Urbizuren askatasuna eskatzeko etzirako manifestazioa deitu dute Olatzagutian. Hilario askatu! Iheslariak etxera! leloa izanen du.

Urbizuren lagun eta hurbilekoek jakinarazi digutenez, “kezkatuak” daude, “haren egoera delikatua ezagutzen dugulako eta ziur gaudelako atxiloketak bere gaixotasunaren garapenean oso negatiboki eraginen duela”. Urbizuren lagun eta hurbilekoek ez dute ulertzen epaileak ebazpena eman bitartean Urbizuk “zergatik egon behar duen etxetik eta tratamendua jasotzen duen ospitaletik ehunka km-tara”. Mexikoko Gobernuak olaztiarra espetxeratzeko hartutako erabakia”justifika ezintzat” jo du, “haren tratamenduaren jarraipena eta beharrezko osasun arreta ez baitu bermatuko”. Presoaren lagun eta hurbilekoendako espetxeratzea eta estradizio eskaera “zigor gehigarria dira eta giza eskubideak larriki urratzen dituzte”. Azkenik, Urbizu aske uztea eta sakandarrak igandeko manifestazioan parte hartzera deitu dituzte.