Iheslari politikoak herritar libre gisa bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute

Guaixe 2015ko mai. 18a, 09:54

Gogoz kontra inor bere herritik urrun bizitzera behartuta izan ez dadila, “are gutxiago arrazoi politikoengatik”. Horixe eskatu zuten Olatzagutian 300 bat pertsonek, Hilario Urbizu San Romanen atxiloketa salatzeko eta hura aske uzteko egindako manifestazioan.

Frantziako eta Espainiako estatuei gatazkaren ondorioen konponbidean pausoak emateko borondaterik ez izatea leporatu zieten. Ziurtatu zutenez, “herriaren eta nazioartearen babespean emanen dira pausoak”. Gaineratu zutenez, “egun, geroz eta gutxiago dira Euskal Herrian eta nazioartean Estatuaren jarrera errepresibo ankerra ulertu eta konpartitzen dutenak, eta horren aurrean konponbideari ekin beharrean, erasoan tenkatu nahi dute bere buruak Estatuek”. Horren arrazoia “denbora irabaztea eta herritarron artean ezintasun sentsazioa zabaltzea” litzateke.

Urbizuren osasun arazo larriek tratamendu zorrotza eskatzen diotela eta hura bermatzeko etxean egon beharko lukeela adierazi zuten. “Bai Mexikon bai Euskal Herritik horretarako lanean ari gara, baita estradizio eskaera atzera botatzeko ere”. Gaiarekin sentiberatasuna duten Sakanako alderdi, sindikatu, elkarte eta bestelakoekin elkartzeko asmoa iragarri zuten. Olatzagutian Urbizurekin sortu den babes eta elkartasun sarea Sakana guztira zabaltzea da asmoa, babes dinamika indartsuagoa sortzeko.