Alderdi popularraren Olatzagautiko alkategaiak, Jose Luis Miñesek esan duenez, alkatetza lortuz gero atez ateko hondakin bilketa sistema kenduko luke. “Legegintzaldi honetan salatu dugu sistema horrek gure kaleak zikindu eta osasun arazo larriak sortu ditzakeela. Gainera, kostu handia du eta olaztiarrek egunerokoa eta pribatutasuna zailtzen ditu”. Horretaz aparte, popularrak lau urtean behin udal kontuen auditoria egitea eskatu du.
Langabeziaren arazoaren erruaren zati bat krisiak eta besteak enpresen garapena oztopatzen duen Bilduren udalarena da Miñesendako. PPkoak enpresariekin erlazioak berriro hartzeko konpromisoa hartu du, “daudenak segitzeko eta berriak erakartzeko”. Elebitasunaren aldeko apustua egin du, “inposiziorik gabe”. Ildo horretan, udal eraikin guztiak ele-bitan errotulatzea proposatu du. Herriko sarrera-irteerak seguruagoak izateko haiek konpontzea eta argiteria egokitzea eskatuko dio Nafarroako Gobernuari. Merkatari txikiei laguntzeko nahia azaldu du. PPkoak udal bilkura gelan erregearen argazkia, Nafarroa eta Espainiako banderak jarriko ditu, “Nafarroa foral eta espainiarrean sinisten dugulako”.