Porlandegian hondakinak erretzeko baimenaren baliogabetzea eskatu dute

Guaixe 2015ko eka. 24a, 13:24

Olatzagutiko porlandegia.

Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako Gobernuari egin dio eskaera, baimena eman zenetik gauzatu ez delako.

Cementos Portland Valderrivasek Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzeko Ingurumen Baimen Bateratua 2013ko ilbeltzaren 16tik du. Enpresak bi urteotan proiektua martxan jartzeko inolako jarduerarik egin ez duenez, Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako Gobernuari porlandegiaren hondakinak erretzeko baimena iraungia, baliorik gabe dagoela izendatzea eskatu dio. Fundazioko kideen iritziz legea eskutan Nafarroako Gobernuak baimena indarrik gabe utzi behar du.

Aldi berean, jakinarazi dute porlandegian hondakinak erretzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren kontra fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak zabaldutako auzira baimen horren baliogabetze eskaera gaineratuko dutela.

Bilera
Mank-en eta fundazioaren ekimenez epaitegiek Nafarroako Hondakin Kudeaketarako Plan Integrala baliorik gabe gelditu ondoren, Nafarroako Gobernuak berri bat egiteko prozedura martxan jarri du. Bihar, 16:30ean, Ingurumen Departamentuaren egoitzan planeko parte hartze lantaldea elkartuko da errefusa diren hondakinak nola kudeatu behar diren eztabaidatzeko. Sustrai Erakuntza eta beste eragile batzuk errausketa mota guztien kontrako jarrera azalduko dute eta planak birziklatze helburu ahalik eta altuenak jaso ditzan ahaleginduko dira.

Sustrai Erakuntzatik azaldu dutenez, plan berrian errauskailua eta errausketa baztertu egin dira. “Baina hiri hondakin solidoak Olatzagutiko porlandegian errausteko aukera mantentzen dela ikusten dugu”. Bestalde, jakinarazi dute biharko bilerarako txostenean Nafarroako Gobernuak hiri hondakin solidoen errefusarekin Hondakinetatik Eratorritako Erregaiak egiteari lehentasuna ematen diola. “Hondakinak erregai gisa mozorrotzen dituzte eta horrek errausketarako atzeko atea zabaltzen du. Hitzak aldatuta ere, dena gauza bera da, ingurumenaren eta osasunaren kaltetan hondakinak erretzea”, salatu du fundazioak, Greenpeacerekin bat eginez.

Fundaziotik Olatzagutian erreko diren hondakinez osatutako prestakinak egitearen kontra azaldu dira. Gogorarazi dute Hondakinetatik Eratorritako Erregaiak Europako hainbat herrialdeetatik Mallorcako erraustegira eramaten direla. Eta gaztigatu dute Arabako Jundizen egiten diren moduan hondakinen kudeaketarako edozein enpresak ekoiztu ahalko dituela edonon gero gurera erretzera ekartzeko. Sustrai Erakuntzak errausketa baztertzea eta hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklatze politiken alde agertu da.

Erlazionatuak