Porlandegiko lokomotorak Iruñera bidaiatuko du

Guaixe 2015ko uzt. 11a, 11:51

Estatuko bigarren lokomotora zaharrena da, Iruñeko Udalak zaharberritu eta Kosterapean kokatuko du.

Porlandegiko lokomotora Iruñeko Udalaren esku geldituko da, enpresak hari emateko interesa azaldu eta gero. Hura arduratuko da ibilgailua zaharberritzeaz. Zehazki, lixatu, herdoila kendu, saneatzeko masak eman, egoera txarrean dauden txapak ordezkatu, margotu eta bernizatu eginen du. Lan horiek guztiak despeditu ondoren, Iruñeko Udalak lokomotora Kosterapea parke berrian jarriko du, Olata eta Plazaola zubien artean. Horretarako udala Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkartearekin elkarlanean ari da.

Lokomotoraz
1863an egindako tren lokomotora da Olatzagutitik Iruñera eramanen dutena. 2015 zenbakidun MZA (Compañía de los Ferrocarriles de Madrid a Zaragoza y Alicante) serie bateko lokomotora bat da. Creusotk izena izenez ezagunak egin ziren eta bidaiarien tren azkarretarako, onenetarako, erabili ziren halako lokomotorak. Hiru serie egin zituzten.

1901ean bestelako lokomotorek ordezkatu zituzten eta enpresa garraiorako erabili ziren. Aipatutakoa, lehenik, Iruñeko azukre-lantegian erabili zuten. 1946 urte inguruan Olatzagutiko porlandegiak eskuratu zuen eta 30 bat urtez erabili zuen. Aurrerapenekin batera, enpresaren sarreran, trenbide ondoan erakusgai gisa urteak eman ditu. Bere historia balioagatik lokomotora Nafarroako eta estatuko Ondasun Higigarrien Inbentario Nagusian dago sartua.

Datuak
34.430 kilo pisatzen ditu hutsik eta 49.680 kilo zerbitzuan dagoenean. 14 metro luze ditu eta 3.500 kilo ikatzerako gaitasuna du.