Udalak 8 batzorde izanen ditu

Guaixe 2015ko uzt. 9a, 17:53

Garagarrilaren 30ean egindako bilkuran Olatzagutiko Udalak bere barne antolaketa erabakia utzi zuen. Batetik kontuen batzorde berezi bat izanen da, zinegotzi guztiek osatuta eta alkate buru dena. Bestetik, zortzi batzorde izanen ditu udalak eta haiek hiru hilabetean behin elkartuko dira gutxienez. Batzorde guztien lehendakaritza EH Bilduko zinegotzien bizkar izanen da. Hala, Gurutze Rodriguez Armendariz alkatea hiru batzorderen buru izanen da: Hirigintza; Gizarte Gaiak, Berdintasuna eta Gazteria eta Langileria, Ekonomia eta Ogasuna.

Ingurumen eta Mendi eta Euskara batzordeetako buru Mikel Azkargorta Boal izanen da. Patricia Fernandez Ganuza, aldiz, Kultura eta Jai Batzordeaz arduratuko da. Kirol eta Turismo batzordea Egoitz Aldaz Osinaren ardura izanen da eta, azkenik, Ibai Barandiaran Albiztur Parte hartze eta Komunikazio batzordeko lehendakaria da.