Egitarau feministaren segida

Guaixe 2015ko uzt. 17a, 11:34

Garila feminista egitarauak segida izanen du gaur Olatzagutian. Udaleko Berdintasuna Zerbitzuak prestatuta, hainbat jarduera antolatu ditu hilabete honetarako. Gaur Altsasuko emakumezkoek kinto ospakizunean normaltasunez parte hartzeko izandako borroka islatzen duen dokumentala ikusteko aukera izanen: Gonbidatu izatetik protagonista izatera. Emanaldia Kultur etxean izanen da, 20:00etan, eta haren ondoren bildutakoen arteko iritzi trukea izanen da.

Afaldu ondoren, 22:30ean, kontzertuak izanen dira San Migel plazan. Nerea Loron, hau da, La Furiak kontzientzia feministarekin egindako rapa eskainiko du. No hay clemencia diskoa aurkeztuko du. Haren ondoren, Las Guindillas taldearen txanda izanen da. Aragoiko Piriniokoak dira eta bluesa, reggaea, ska, runba, rocka eta salsa uztartzen duten doinuak egiten dituzte. Malabares con la vida disko laburra aurkeztera etorriko dira.

Garila feministako egitaraua heldu den ostiralean despedituko da, festen hasierako egunean. Gazteendako txapa tailerra eta Emakumeen Mundu Martxako photocall-a eginen da. Egitaraua, bestalde, hilaren lauan abiatu zen autodefentsa tailerrarekin.