Olazti txapeldunen bila

Guaixe 2015ko uzt. 24a, 17:50

Aurreko urteko txapelketako finalistak.

XLIV. San Migel Pilota Txapelketako eta San Migel-Sutegi Txapelketako finalak jokatuko dira Olaztiko festetan, larunbatean eta igandean

Olaztiko San Migel elkarteak eta Sutegi klubak antolatuta, aurten 43. San Migel Pilota Txapelketa hartu du Olaztik. Txapelketari apirilaren bukaeran eman zitzaion hasiera eta final handiak asteburu honetan jokatuko dira, Olaztiko Santa Ana festetan. Zehazki, larunbatean 43. San Migel Txapelketako finalen txanda izango da, kategoria nagusien txanda, eta igandean San Migel-Sutegi txapelketako finalen txanda, kategoria txikiena. Olaztiko pilota txapelketa hau txapelketa beteranoa da –aurten 43. edizioa jokatu da– eta herrikoia aldi berean. Puntako afizionatuen eta maila herrikoian aritzen diren pilotarien topaleku.

Maila nagusian 52 bikote eta txikienean 194 bikote
Olaztiko txapelketetan parte-hartzea bikaina izan da. 43. San Migel txapelketako maila gorenean, guztira 52 bikote lehiatu dira, gehienak nafarrak, gipuzkoar eta arabar batzuk izan ezik. Larunbat goizean finalak jokatuko dira, 5 final guztira. 22 urtez azpikoen afizionatuen mailan, Murgiondok eta Mariezkurrenak Txiapuso eta Aranguren izango dituzte aurkari. Aurreko urtean 22 urtez azpikoan Ansak eta Legarretak jantzi zuten txapela. Horretaz gain, lehen mailako, bigarren mailako, hirugarren mailako eta lau t´erdiko finalak jokatuko dira.

Txikienen txapelketan Euskal Herriko eta Errioxako 194 bikotek hartu dute parte guztira. Igandean 9 final jokatuko dira, txikiak, umeak 2, umeak 1, kimuak, haurrak 2, haurrak 1, kadeteak 2, kadeteak 1 eta gazteak mailetan.

Omenaldia Lacalleri
Sari banaketaren aurretik aurten zendutako eta urteetan txapelketako antolaketako partaide izan den Alberto Lacalleri omenaldi xumea eginen zaio..

43. San Migel txapelketako finalak (nagusiak)
Larunbatean, 10:00etatik aurrera
Lau t´erdian: Eneriz / Etxeberria
3. maila: Jokin-Muñoa / Mendoza-Mendoza
2. maila: Eneriz-Borrega / Muñoa-Insausti
1. maila: Urteaga-Lauzirika / Sueskun-Nogueira
22 urtez azpikoak: Murgiondo-Mariezkurrena / Txiapuso-Aranguren

San Migel-Sutegi txapelketako finalak (kategoria txikiak)
Igandean, 9:00etatik aurrera
Txikiak: Mintegi-Kerejeta (Idiazabal) / Hegoi-Aitor (Olazti)
Umeak 2: Perez-Bernalte (Elorrio) / Barandiaran-Otegi (Zegama)
Umeak 1: Garmendia-Imaz (Arbizu) / Unax-Iker (Etxarri Aranatz)
Kimuak: Egiguren-Labaka (Azpeitia) / Artaraz-Emaldi (Zeanuri)
Haurrak 2: Barranko-Senar (Etxarri Aranatz) / Larrazabal-Arandia (Amurrio-Dima)
Haurrak 1: Yuste-Muguruza (Laudio) / Igoa-Irisarri (Zizur-Barañain)
Kadeteak 2: Otxoa-Lazkoz (Etxarri) / Bordege-Garai (Zaramaga-Gasteiz)
Kadeteak 1: Sagasta-Azkarraga (Elorrio) / Egiguren-Murua (Azpeitia-Arrasate)
Gazteak: Elola-Roldan (Bidania-Goiatz-Zizur) / Egiburu-Garmendia (Lazkao)