Apoyos Metalicos enpresako langileak gaur eta bihar hiru ordu eta erdiko lan uzteak eginen dituzte lan txanda bakoitzean. Eta heldu den asteko astearte eta asteazkenean gauza bera eginen dute aldaketarik ez badago. Goizeko txandan 10:30etik 14:00etara gelditu dira. Arratsaldekoan, 14:00etatik 17:30era eta, azkenik, gauekoan, 2:30etik 6:00etara. Badira bi hilabete aparteko ordurik ez dutela egiten. Neurri horiekin Apoyos Metalicoseko langileek lan hitzarmenaren negoziazioan zuzendaritzaren jarrera aldarazi nahi dute.
Enpresa Batzordetik (ELAk 3, LABek 1 eta CCOOk 1) jakinarazi digutenez, bi urterako lan hitzarmena nahi dute. Negoziazioan, batez ere, soldata igoera eskatzen ari dira; %1,5eko igoera urte bakoitzeko. Langileen ordezkariek azaldu digutenez, azken bi urteetan soldatak izoztuak izan dituzte. Gaineratu dute presio neurriak hartzen hasi diren arte zuzendaritzak negoziazio mahaira eramaten zuen proposamena ez zela mugitzen. Enpresaren azken eskaintza soldata urtero %0,85 igotzea da. Zuzendaritzak argudiatzen du taldeko beste lantegietako langileek baino gehiago kobratzen dutela Olatzagutiakoek. “Hemen bizitza garestiagoa ere bada”, erantzuten diote halakoetan langileek, gainontzeko lantegiekin soldata “behetik berdindu” nahi dietela salatuz.
100 langile
Horiek dira Apoyos Metalicosen lanean ari direnak. 23 bat behin behineko kontratua dute. Gamesarendako haize erroten oinak edo dorreak egiten dituzte Olatzagutian. Lantegia Windar Renovablesena da, aldi berean, Daniel Alonso talde asturiarrarena dena. Nafarroakoaz aparte, Espainian (3), Brasilen (1) eta Indian (1) ditu lantegiak enpresak. Olatzagutiako Gamesak sortu zuen baina 2008 aldera Asturiasko taldeari saldu zion, nahiz eta jabetzaren heren bat edo Gamesaren esku egon oraindik.