Kultur astea gaur abiatuko dute Olatzagutian

Guaixe 2015ko ira. 18a, 09:33

Osteguna bitartean antzerkia, hitzaldiak, sukaldaritza eta ikuskizunak iragarri dira

San Migel festen aurreko astea bete betea heldu da Olatzagutira. Kultur astea dela eta, astelehenean ez beste, egunero saio bat programatu du udaleko Kultura Zerbitzuak. Guztiak kultur etxean izanen dira.

Mitad y mitad
Irailaren 18an, ostiralean, 22:30ean.
Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza dira komedia beltz horren protagonistak. Gaua. Urteetan gora egin arren, eta gripea eta enbolia izanda ere, hiltzeko batere gogorik ez duen ama. Bi seme ditu. Haietako bat arduratu da gaixoaldi luzean ama zaintzeaz. Heriotza gertu dela ikustean beste anaiari hots egin dio. Hura hondoa jotzen ari den enpresa baten jabea da. Tartean, asteazkenero bisita egiten duen Jehovaren Lekukoak taldeko kidea. Herentziaren banaketaz eztabaidatuko dute. Derrigorrean, etxea saldu beharrean izango dira, eta gau amaiezin batek ordura arte kontatu gabeko sekretuak azaleratuko ditu.
Jordi Sanchezek eta Pep Anton Gomezek idatzitako obra Txalo konpainiak ekoitzi du eta Begoña Bilbaok zuzendu du.

 

Alucina
Irailaren 19an, larunbatean, 20:00etan.
Jorge Astyaro hipnotista eta mentalista mexikarrak “dibertsioa eta didaktikotasuna” uztartzen duen ikuskizuna ekarriko du Olatzagutira. Astyarok gidatuta boluntarioak trantze hipnotikoan sartuko dira eta “hala imaginazioaren mugak pasa eta sentsazio harrigarriekin esperimentatu eta esperientzia ezin ederragoak bizitzeko aukera emanen die, ametsak gauzatuz”. Hala, pertsonaia ospetsuan bihurtu, beste erdaratan hitz egin, ikusezin bihurtu… dira. Barre egiteko aukera emanen du funtzioak.

 

Erpurutxo
Irailaren 20an, domekan, 17:00etan.
Inuzentekeria ukitua duen unibertso fantastiko hori birsortuko dute aita batek eta aitona batek, oso egun berezi baten bezperan. Dena eskuko hatz lodia altxatu eta irudimena aske uztean hasiko da.
Teatro Paraisok ipuin klasiko bat dakar, “edozein arotan garaikidea izateko ahalmena duelako”. Konpainiak abandonuari garrantzia ematen dio eta, testuinguru gisa, egungo gizartearekiko paralelismoak agerian uzten dituen egoera bat jarriko du.

Salud y bienestar. Estimulación neuronal
Irailaren 22an, asteartean, 20:00etan.
Estimulazio neurala diziplina bionaturala da, bai eta nork bere buruari tratamendua egiteko teknika ere, medikuntza tradizionalaren osagarri. Eskuak modu kontzientean erabiliz, estimulazio neuralak zenbait nerbio-bukaeratan eragiten du, sistema immunologikoa indartuz, nerbio-sistema orekatuz eta odolaren kimika arautuz.

Sushi
Irailaren 23an, asteazkenean, 19:00etatik 21:00etara Olatzagutiko kultur etxean. 18a izena emateko azken eguna.
Sushia ozpinetan egindako arrozaz (shari) eta beste osagaiez (neta) egindako Japoniako platera da. Sushi guztietan arroza izan arren, gehienetan agertzen den neta itsaski gordina da. Itsaski gordina bakarrik duen platerak sashimi du izena. Tailerreko parte-hartzaileek jakia prestatzen ikasi eta haren historia eta nutrizio ezaugarri osasungarriak ezagutuko dituzte. Izena emateko azken eguna gaur da. Udaletxean eman behar da eta 4 euro pagatu behar dira.

Disfrutar con seguridad en la montaña
Irailaren 24an, ostegunean, 20:00etan.
Alberto Zeberiok, larrialdietako hezitzaileak eta mendi teknikariak, mendira segurtasunez joateko planifikazio onaren gakoak azalduko ditu. Ikus-entzunezkoen laguntzaz kasu eta esperientzia adierazgarrien berri emanen du, guztia mendizaletasunaz ziurtasunez eta segurtasunez gozatzeko.