Aritz Munarriz hirugarrena IX. Olatzagutia-Urbasan

Guaixe 2015ko ira. 28a, 12:21

Joseba Larralde (1:52:53) eta Maite Maiora (2:09:41) gailendu ziren

Sakandarrak IX. Olatzagutia-Urbasan
1.Joseba Larralde: 1:52:23
3.Aritz Munarriz (Etx): 1:58:10
7.Beñat Katarain (Lak): 2:02:48
9.Evaristo Noveleta (Irur): 2:04:53
10.Raul Audikana (Olaz): 2:05:02
13.Joxeja Maiza (Etx): 2:06:51
19.Alatz Agirre (Arb): 2:11:59
20.Mikel Rubio (Irur): 2:12:05
22.Patxi Cano (Alts): 2:14:30
40.Alberto Anton (Arb): 2:26:31
42.Fernando Ganuza (Olaz): 2:28:10
43.Egoitz Aldaz (Olaz): 2:28:11
52.Javier Beraza (Irur): 2:32:17
57.Izaskun Beunza (Olaz): 2:34:06
63.Fermin Zornoza (Olaz): 2:36:27
72.Jose Leitza (Arb): 2:39:44
74.Asier Leitza (Arb): 2:41:05
80.Ion Zubiria (Alts): 2:47:04
88.Juanjo Otsoa (Zior): 2:51:44
89.Javier Camuel (Olaz): 2:51:46
96.Sergio Goñi (Olaz): 2:58:09
99.Jon Garasa (Olaz): 3:00:08
100.Ander Gurmindo (Olaz): 3:05:53


Larunbatean jokatu zen Sutegi klubak eta Olaztiko Udalak hainbat laguntzaile eta babeslerekin batera antolatutako IX. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa. 124 korrikalarik hartu zuten irteera, aurreko urtean baino kopuru askoz ere gutxiago. Antolatzaileek azaldu zutenez, Euskadiko Federazioko egutegian aldaketak egon dira eta urriaren 4rako aurreikusitako Zeanuriko Gorbeia Suzien proba Olaztikoaren asteburu berberera aurreratu zuten. “Horrek jota utzi gaitu. 300 pertsonendako azpiegitura prestatua genuen. Guk duela 16 urte dugu data hau eta kendu digute” adierazi zuten Sutegi klubekoek.

Lasterketa, urtero moduan, ederra izan zen. Goizeko 10:00etan abiatu ziren korrikalariak Olaztiko kale nagusitik. Urbasan gora Tontorraundira jo zuten, lasterketako punturik altuenera. Ondoren Morterutxora jaitsi eta Bargagainera heldu ziren. Segidan Gainsol eta Ordotzeko putzua gainditu zituzten, seta handik Urbasako portugainera iritsi eta Olaztira jaisten hasi ziren. Joseba Larralde, Ihoucin Nassiri eta David Garcia kokatu ziren aurrean hasieran, baina igoeran Joseba Larralde bakarrik geratu zen eta bera iritsi zen bakarrik helmugara (1:52:53). Beratarrak ia 5 minutuko aldea atera zion Ihoucin Nassiriri (1:57:45). “Erritmo sendoa ezarri dut, baina banekien erritmo horri eusteko gai izango nintzela. Eta azkenean zortea izan dut” zioen txapeldunak. Hirugarrena Aritz Munarriz izan zen (1:58:10). Etxarriarra oso kontentu zegoen 2 orduko muga jaitsi zuelako.
Emakumezkoetan Maite Maiorak ez zuen areriorik izan (2:09:41). Mendarokoa Munduko Kopako liderra da eta entrenatzeko erabili zuen Olaztiko proba, hurrengo astean Hong Kongen eta hiru aste barru Italian ariko baita. 12 minutuko aldea atera zion Alizia Olazabal beteranoari (2:21:42). Zuriñe Frutosek osatu zuen podiuma (2:31:36). Izaskun Beunza olaztiarra laugarrena sailkatu zen, eta probako hirugarren emakume seniorra (2:34:06) izan zen.  22 sakandar iritsi ziren helmugara, Aritz Munarriz eta Izaskun Beunza buru zirela.

15 km-ko kadeteen proban Oier Arratibel gailendu zen (1:52:12). Bestalde, proba nagusiko lehen juniorra Eder Larrea (2:37:01) izan zen, eta beterano onenak Joxelu Loiarte (2:14:45) eta Alizia Ormazabal (2:21:42).

Antolakuntzak sarietan 1.600 euro banatu zituen, trofeoez gain. Korrikalariek produktuen poltsa jaso zuten opari eta auzate ederra izan zuten bukaeran.