Aitor Galbete hirugarrena II. Flysch Beltza Igeriketa Zeharkaldian

Guaixe 2015ko urr. 1a, 11:07

17 urteko olaztiarrak ia ordu eta erdi behar izan zuen Mutriku eta Deba lotzen zituen 6,5 km-ak osatzeko

Harritzekoa. Ikusgarria. 17 urterekin II. Flysch Beltza Igeriketa Zeharkaldian hirugarren postua lortu zuen Aitor Galbete Urrutia igerilari olaztiarrak. Igeriketa proba honetan Mutrikutik atera behar ziren igerilariak, Saturraran eta beste gainditu eta gero, Debara heltzeko. 6,5 km itsaso zabalean, igerian. 122 igerilarik osatu zuten erronka, eta Jon Mujika bergararra izan zen txapelduna (1:26:00). Jaime Caballero sailkatu zen bigarrena (1:28:26) eta Aitor Galbete olaztiarra hirugarrena (1:29:13). “Oso gogorra egin zitzaidan. Hirugarrena iritsi nintzela ere ez nuen jakin helmugara iritsi arte. Kontentu nago, motibatuta” adierazi digu gazteak.

Aitor Galbete Sakanan trebatu zen igeriketan. Duela urte erdi pasatxo Iruñera egin zuen salto, Amaya taldera. Ikasketak egitera ere Iruñera joan zen, Askatasuna ikastetxera. Batxilergoko lehen kurtsoa bertan egin zuen eta orain bigarren ikasturteari ekin dio. Eta arratsaldero, 19:00etatik 21:30era igeriketa entrenamenduak egiten ditu Amayan. “Gustura nabil, egunero entrenatzera ohitu naiz. Igeriketak ere estresaz arintzen nau eta pozik nago” dio Aitorrek. Bigarren mailako juniorren mailan lehiatzen da olaztiarra. Nafarroako Txapelketetan, Euskal Herrikoetan eta Espainiakoetan aritzen da. Distantzia luzeak dira bere espezializazioa, 1.500 metroak bereziki. Bere marka onena 17 minutu eta 17 segundotan dauka. Denboraldiari ekin berri dion honetan, helburua txapelketetan ahalik eta hobekien aritzea da. 17 urterekin, etorkizun handia du aurretik.