3,2,1,0… motorrak prest!!!

Guaixe 2015ko urr. 2a, 13:39

35. Urbasako Igoera jokatuko da bihar, larunbatean, 14:00etatik aurrera. Errepidea gaur, ostiralean, 22:00etan itxiko da. 94 pilotuk eman dute izena

Sakana Motorsport taldeak antolatuta, 35. Urbasako Igoera jokatuko da bihar, larunbatean, 14:00etatik aurrera. Proba beterano honek xarma berezia du motor zaleendako, ikuskizun hutsa da. Hori dela eta, antolatzaileek zale asko espero dituzte. Igoera Nafarroako Mendi Txapelketarako puntuagarria da eta Sportech Iparraldeko Mendi Openerako baliagarria.

Antolaketa lan handia
Zaila da tamaina horretako ekitaldi bat antolatzea: baimenak lortu, segurtasuna lotu, dirua bildu … Aurrekontu handia behar da proba aurrera ateratzeko, aseguruak eta beste estaltzeko. Zailtasunei aurre eginez, Sakana Motorsport taldekoak munduko ilusio guztiarekin ari dira lanean. Horretarako Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen, Bierrik fundazioaren, Open Spirtechen eta hamaika komertzio eta babesleren laguntza izan dute.

Errepidea 22:00etan itxiko da
Errepidea gaur, ostiralean, 22:00etan itxiko da. Hortaz, Urbasara igo nahi dutenek ordu hori baino lehenago egin beharko dute. Ibilbidean barna antolakuntzako kideak izanen dira, beharrezko argibide guztiak emateko.

94 pilotu, iaz baina 32 gehiago
35. Urbasako Igoera Nafarroako Mendi Txapelketarako eta Sportech Iparraldeko Mendi Openerako baliagarria denez, 10 kategoria ezberdineko ibilgailuek parte hartzeko aukera dute. Autoak Clinker aurreko futbitoko pistan egongo dira, parke itxian, eta asistentzia gunea Erburua kiroldegiko aparkalekuan egongo da.

Urbasako igoerak erakartzen du. Aurreko urtean 60 pilotu lehiatu ziren eta Pantxo Egozkue beteranoa gailendu zen (Silver Car S2, 3:23). Pilotu sakandarren artean Garikoitz Flores lakuntzarra izan zen azkarrena, helmugan laugarrena sailkatu eta gero (BRC, 3:28). Aurten goraka egin du igoerak, nabarmen. 93 pilotu daude izena emanda. Arkaitz Ordoki, Joseba Iraola, Javier Villa eta Fernando Egozkue, dira, akaso, proba irabazteko faboritoenak.

Pilotu sakandarrak
Aurten inoiz baino pilotu sakandar gehiago izango ditugu. Tartean daude Garikoitz Flores (BRC), Iker Palacios (Speed Car), Delfin Goikoetxea (Promo Racing), Garikoitz Goñi (R. Megane), Javier Goikoetxea (R Clio Sport), Iban Lopez de Goikoetxea (R5 GT Turbo), Arkaitz Irigoien (R11 Turbo), Mikel Mendinueta (P205 GTi), Oier Larrañaga (C AX Sport), Iker Askargorta (VW Golf GTi), Andoni Lopez de Sabando (BMW 320i)…

3,72 kilometroko igoera
Ibilbideari dagokionez, Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean jokatuko da proba, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura. Hau da, 5,72 km izanen ditu, eta Olaztitik Urbasako portua igo arte jokatuko da. Ibilbideak bi zati dauzka. Lehenengo zatia irteeratik hasi eta "Salto de aguas" izenez ezagutzen den tokira artekoa da. Zati oso azkarra da, autoak ziztu bizian doaz eta akaso, ibilbideko bihurgunerik okerrena lehen zati horretan dago. Abiadura horren azkarra da ezen bihurgune horren peralteak kanpora botatzen baitu autoa. Kontu handia izan behar da hor. Bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da. Bihurgunez betetako zatia da, gehienak ferra bihurguneak, edo 180 gradukoak. Beraz, autoek abiadura moteldu beharko dute. Ikusle gehienak bertan pilatzen dira. Igoera auto indartsuendako egokia da. Izan ere, zati azkar asko daudenez, motor indartsua behar da.

Segurtasuna eta garbitasuna, funtsezkoak
Pilotuen eta ikusleen segurtasuna bermatzea da antolakuntzaren helburu nagusia eta horregatik, soilik zehaztutako guneetan kokatzeko eskaria eginen zaie Urbasara hurbilduko diren zaleei; debekatutako eremuetan ezingo da egon. Horretaz aparte, Urbasa-Andia natur parkea dela kontuan hartuta eta inguruarekiko errespetua adieraziz, antolakuntzak norberak bere zaborra jasotzea eskatzen du. Hortik aurrera, autoen ikuskizunarekin gozatzeko eta, eguraldia lagun, egun polit bat pasatzeko deia egin diete zaletu guztiei.

Zozketa: Kaluxan otordua
Sarrerarekin batera jasotako esku-orrian zenbaki bat agertuko da. Bi lagunendako bazkaria zozketatuko da Urdiaingo Kaluxa jatetxean. Sari ematean jakinaraziko da irabazlea. Facebooken (Guaixe) eta Twitterren (@guaixe) ere zabalduko da. Urriaren 9rako ez bada saritutakoa agertzen, atzera era zozketa eginen da.

Egitaraua
9:00etan: Urbasako errepidea trafikoarendako itxiko da.
9:00etatik aurrera: Ibilgailuen egiaztapen tekniko eta administratiboak Clinker parean.
14:00etan: Entrenamendu ofizialak.
Segidan: Lasterketako lehendabiziko eta bigarren mangak.
Lasterketaren ondoren: Sailkapenak publikatu eta sari ematea, Clinker jatetxean.

Boluntarioak behar dira
Urbasako igoera antolatzeko boluntarioen laguntza behar da, besteak beste, sarrerak kobratzeko. Boluntarioek dei dezatela 618 88 26 75 telefonora.  

Sariak
Scratch Sariak: (Txapeldunak trofeoa eta 200 euro, bigarrenak trofeoa eta 150 euro eta hirugarrenak trofeoa eta 100 euro).
Scratch turismoak: (Txapeldunak trofeoa eta 200 euro, bigarrenak trofeoa eta 150 euro eta hirugarrenak trofeoa eta 100 euro).
Kategoriako sariak: Lehenak trofeoa eta 100 euro.
Pilotu junior nafar onena: trofeoa eta 100 euro.
Sakanako pilotu onena: Trofeoa.