Sutegiko futbolari ohien arteko izarren topaketa

Guaixe 2015ko urr. 22a, 15:18

Desagertutako futbol taldeko 75 kide bilduko dira biharko ospakizunean

Garai batean futbol taldea zegoen Olaztin, Sutegi futbol taldea, hain zuzen. 1975. urtean sortu zen, eta 18 urte inguru iraun zuen bere ibilbideak. “Garai haietan Erregionaleko 2. maila zegoen, mailarik baxuena, eta bertan hasi zen Sutegi. Baina Erregionaleko lehen mailara igotzea lortu zuen eta han aritu zen taldea, desagertu arte. Futbol zelaia “Alto de la via” deitzen genion tokian zegoen, Azpikokamio dermioan. Sekulako giroa egoten zen, jende pila bat joaten zen futbol zelaira” kontatu digu Alberto Landa futbolari ohiak. Urteak pasa ahala, gauzak aldatu ziren. “Futbol zelaia jabetza pribatukoa zen eta zesioa bukatu zenean ez zen gehiago berritu. Horrela, Olaztiko udal dermioan, Arkinorruti industrialdean, Ziordiko dermiotik gertu egin zen zelai berria. Baina herritik urruti zegoen, jendea ez zen horrenbeste zelaira joaten… eta hor hasi zen taldearen beherakada. Jokalariak bageunden, baina zuzendaritzan ere erreleborik gabe geratu ziren eta azkenean Sutegi taldea desagertu zen. Orduko oso oroitzapen onak ditugu eta polita iruditu zaigu Sutegi futbol taldeko jokalari eta zuzendaritza taldeko kide ohiak biltzea, garai haiek oroitu eta egun polita pasatzeko” gaineratu du Landak.

Topaketa larunbatean eginen dute, Olaztiko Erburua kiroldegian. 11:30ean egun areto futbolean eta futbol 8an aritzen diren Sutegi taldeko neska-mutikoen arteko partida izanen da. “Gu ez gara ariko, badaezpada” dio, irribarrez, Landak. Ondoren, Sutegi futbol talde ohiko kideek talde argazkia aterako dute –75 jokalari eta juntako kide ohi inguru bilduko omen dira–eta neska-mutikoei baloi bat banatuko diete. “Futbolari ohi gazteenak 46 urte izango ditu eta helduenak 66 inguru” adierazi du Landak. Ondoren bazkaltzera bilduko dira, Erburua kiroldegian. Garai bateko pasadizoak gogoratzeko eta argazki zaharrak ikusteko tartea izanen da bertan.

Sutegi futbol taldea da Olaztin desagertu zena, baina izen berarekin egun Sutegi klubak eta elkarteak jarraitzen dute, hainbat kirol lantzen dituztenak, areto futbola, futbol 8a eta irristaketa, tartean.