"Sutegi futbol taldearekiko izugarrizko afizioa zegoen. Jende asko joaten zen partidak ikustera"

Erkuden Ruiz Barroso 2015ko urr. 30a, 08:05

Jose Manuel Armendariz eta Alberto Landa, Sutegi Futbol Taldeko kide ohiak

1.- Noiz sortu zen Sutegi Futbol Taldea?
Duela berrogehi urte, 1975 urtean, gutxi gorabehera, sortu zen. Hamasei edo hamazazpi urte genituen.

2.- Nola sortu zen?
Olaztin bi apaiz zeuden, Manuel eta Jabier, eta klub bat egitea pentsatu zuten, gazteek zerbait egiteko helburuarekin. Hor elkartzen ginen eta horrela sortu zen. Hasieran bi talde zeuden: Perusorain eta Sutegi. Perusorainek bi urte iraun zuen eta Sutegik aurrera jarraitu zuen.

3.- Non entrenatzen zenuten?
Hasieran eskoletako lurrezko zelai txiki batean entrenatzen genuen. Ahal genuen tokietan.

4.- Non jolasten zenituzten partiduak?
Partiduak Azpikodermion jolasten genituen. Hango bizilagun batek soroa prestatu zuen eta aldagelak-eta jarri zituen. Ondoren Arkinorruti industrialdean egin zuten zelai berria.

5.- Zein izan zen taldearen ibilbidea? Zein mailatan jolastu zineten?
Erregionaleko lehenengo mailan aritu ginen. Partidu asko Erriberan izan ohi ziren. Baina oso garestia zen lehenengo mailan aritzea: federatzeak ordaindu behar ziren, autobusak... Hori bai, autobusak beti beteta joaten ziren.

6.- Afizio handia zen, beraz.
Izugarrizko afizioa zegoen. Jende asko joaten zen ikustera, baita kanpoan jokatzen genuenean ere.

7.- Duela berrogei urteko Sutegi Futbol taldea eta gaur egungoa alderatuta, ezberdintasun asko ikusten dituzue?
Gaur egun ia 40 ume daude. Azpiegiturak eta egoera hobeak dira. Aurrera jarraitzeko gogoa dago, baina zelai artifiziala egin beharko litzateke. Zelairik ez dagoenez, areto futbola eta futbol 7an aritzen dira.  

8.- Zergatik desagertu zen taldea?
Zelaiaz aldatu zenean jendeak joateari utzi zion. Gainera, bizitzaren kontuak zeuden: neskalagunak, soldaduska...

9.- Urte asko pasa dira. Elkartzeko eta partiduren bat jolasteko aukera izan duzue?
30 urte inguru daramatzagu esanez gelditu behar ginela eta bazkari bat egiteko nahian. Azkenean zerrenda bat egin genuen eta 70 pertsona inguru elkartu gara. Zaharrenak 67 urte ditu eta gazteenak 46.

10.- Futbolarekin harremana izaten jarraitu duzue?
Gaur egun futbol taldean umeek ditugunok bai jarraitu dugu. Besteek ez.

11.- Zuen arteko harremana mantendu duzue?
Gehienak Olaztikoak gara. Kanpoan bizi direnekin ere harremana izaten jarraitu dugu.