III. Rallysprint Olazti-Urbasa prestatzen buru-belarri dabil Sakana Motorsport

Guaixe 2015ko aza. 5a, 12:33

Azaroaren 21ean izanen da, Olaztin, 14:00etatik aurrera

Urriaren 3an jokatutako Urbasako Igoeraren motor hotsak oraindik ere gertu daudela, Sakana Motorsport taldea Olaztiko hurrengo motor festa izango dena prestatzen dabil buru-belarri. Izan ere, azaroaren 21ean jokatuko da III. Rallysprint Olazti-Urbasa, Olaztiko kaleetan barna. Proba antolatzeko Nafarroako Automobilismo Federazioaren, Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen, Bierrik fundazioaren eta hainbat laguntzaileren babesa izanen du Sakana Motorsportek. Olaztiko Rallysprintak hurrengo lasterketetarako puntuatzen du: Nafarroako Pilotu eta Kopilotuen Rallye Txapelketarako eta Nafarroako Pilotu eta Kopilotu juniorren Rallye Txapelketarako.

Ibilbidea aurreko urteetakoa izanen da. Olaztiko kale, txoko eta errepideetatik barna 5,5 km-ko zirkuitua prestatu du antolakuntzak, eta aipatu zirkuituari lau itzuli egin beharko dizkieta autoek. Tartean Altamiraraino igo eta jaitsiko dira ibilgailuak.

Izena ematea azaroaren 13ra arte
Pilotuen parte-hartzea sustatzeko antolatzaileek inskripzioa merketu du. Ibilgailu bakoitzak 100 euroko inskripzioa ordaindu beharko du. Izena ematea zabalik dago azaroaren 13ra arte, www.fotomotor.es web gunean.