Raul Lopez: "200 kanario inguru izango ditut"

Erkuden Ruiz Barroso 2015ko aza. 13a, 08:05

Raul Lopez  “Patxu”, Olaztiko kanario hazlea.

1.- Kanarioak hazten dituzu. Nola sortu zen zaletasuna?
Gaztetan gela batean hainbat kanario izaten genituen. Denborarekin utzi egin nuen, baina duela bost urte inguru txori bat eman zidaten eta, berriz ere, hasi nintzen. Txikitatik izan dut zaletasuna.

2.- Zenbat kanario dituzu?
200 bat izango ditut. Ez dakit ziur. Orain gehiago daude, udan hazi direlako. Lumaberritu egin dira eta dagoeneko kantatzen hasi dira. Orain, zeinekin geldituko naizen eta zeintzuk salduko ditudan pentsatu behar dut. Norbaitek kanarioak nahi baditu nik saltzen ditut (606437438).

3.- Hainbat salduko dituzu, baina, bilduma handitzea pentsatu duzu?
Bueno, pentsatu ez. Baina normalean salerosten amaitzen duzu, edo trukatzen eta, azkenean, bat edo bat gehiagorekin amaitzen duzu.

4.- Nola erabakitzen duzu zeintzuk salduko dituzun? Pena ematen dizu?
Atentzioa deitzen didatenak edo asko kantatzen dutenak izaten dira saltzen ditudanak. Gainera, Batzuk lehiaketetara eramateko dira. Pena ematen du baino ezin zara guztiekin gelditu.

5.- Zaletasuna negozioa bihurtu duzu?
Bueno, batez ere zaletasuna da. Izan ere, gastatzen dudana irabazten dudana baino askoz gehiago izaten da: alpistea, tratamenduak...

6.- Nola hezten da kanario bat?
San Jose egunean, gutxi gora behera, bikoteak egiten dira eta habiak egiteko behar dutena uzten zaie. Orduan, habian plastikozko arrautza bat jartzen zaie, kanarioek lau egunez arrautzak jarri ditzaten eta denak elkarrekin jaio daitezen. Egunero kontrolatzen egon behar zara.

7.- Zein behar berezi behar dituzte kanarioek?
Hegoaldera begira egon behar dira eta hezetasuna kontrolatu behar da. Hau kontrolatzeko tresna bat dut hemen eta etengabe begiratu behar dut. Udan beroa egiten badu eta hezetasuna jaisten bada hezetu egin behar dut. Hazten daudenean janariak berezia izan behar du, batzuetan botikak eman behar zaizkie...

8.- Kanario arraza ezberdinak daude?
Alde batetik kolore ezberdineko kanarioak daude, baita mota ezberdinetakoak ere.

9.- Nola ezberdintzen dituzu kanarioak?
Alde batetik, lehenengo eta bigarren habialdiak banatuta ditut. Gainera, duela gutxi federatu egin nintzen eta hazle bakoitzak eraztun jakin bat izaten dugu. Eraztuna matrikula antzeko bat da: hazlearen zenbakia eta txoriaren zenbakia agertzen dira. Hortaz, txori bat askatzen bada eta Errusiara iristen bada, eraztuna begiratu eta nirea dela jakingo dute.

10.- Lehiaketetarako kanarioak daudela esan duzu. Lehiaketetan parte hartu duzu?
Txantrean kolore lehiaketa batean parte hartu nuen. Kantu lehiaketak ere badaude, baina horretarako kanarioak haztea oso zaila da, modu jakin batean kantatzen ikasi behar dutelako.

11.- Kanario hazleen elkarteak daude?
Bai, Aralar Elkartekoa naiz ni, baita Txantrean dagoen beste bateko kide ere. Elkartekoa izanda janaria, tratamenduak, eta abar merkeago erosten ditugu eta asko eskertzen da, bestela garestiegia izango litzateke.