Hariztitik, baleontzia

Guaixe 2015ko aza. 13a, 10:03

Herriko hariztia eta Albaolan eraikitzen ari diren XVI. mendeko itsasontzia ezagutzeko aukera izanen da asteburuan.

San Juan baleontzia eraikitzen ari dira Pasai Donibaneko Albaola itsas faktorian. Itsasontziaren eraikuntzan erabilitako haritzetako batzuk Olatzagutiatik eramanak dira. Udaleko Kultura Zerbitzuak herriko hariztiaren ezaugarriak ezagutzeko irteera antolatu du. Bihar, 9:00etan, kultur etxean dute izena eman duten bederatzi olaztiarrek. Handik abiatu eta Tellerialde, Biokotz eta Biokozal dermiotan barna ibiliko dira hariztia bertatik bertara ezagutzen. Itsasontzia egiteko moztutako zuhaitzen motzondoak ere ikusiko dituzte.

Domekan, berriz, Pasaiarako bidea hartuko dute 34 olaztiarrek. 9:00etan abiatuko dira herritik. Albaola itsas faktorian, bertatik bertara ikusiko dute San Juan baleontziaren eraikuntza. Jaso beharreko azalpenen ondoren, olaztiarrek Pasai Donibane ezagutzeko aukera izanen dute. 14:30erako dute iragarria buelta.