Alvarez: Bildu ez da ETA

Guaixe 2015ko aza. 12a, 19:38

Udala osatu zeneko bilkura. Alvarez eskubitik lehena.

Olatzagutiako Udalean UPNko zinegotzi den Oscar Alvarez Peon Twitter sare sozialaren bidez esan zituenetan atzera egin du. Denbora luzez EH Bilduko alkateari koalizioko zinegotziei ETAkoak izatea egotzi izan die. EH Bilduko hautetsi olaztiarrak nekatu eta Iruñeko lehen instantziako epaitegian kontziliazio-demanda aurkeztu zuten, kalumnia-demanda aurkeztu aurretik. Epaitegian hitzordua hilaren 24rako jarria dute.

Kontziliazio-demanda onartuz, Alvarezek Twitterren mezua zabaldu zuen. UPNkoak idatzian aitortu du hainbat txioetan EH Bildu ETArekin konparatu zuela. Honako aitortza egin du erregionalistak: “Bilduko udaleko zinegotziak ETAko kide sekula ez direla izan onartzen dut. Auzitegien epaietan jasotakoan oinarrituta Bildu ETA ez dela aitortzen dut. Eta onartzen dut udaleko zinegotzi bat bera ere ez duela deliturik egin”.