49 auto orroka

Guaixe 2015ko aza. 20a, 14:10

Bihar, larunbatean, jokatuko da III. Olazti-Urbasa Rallysprinta, 14:00etatik aurrera. 49 auto daude izena emanda eta ibilbideari lau itzuli eman beharko dizkiote. 9:00etan itxiko da Urbasako errepidea eta 12:00etan herrikoa

Aurten udazkenean jokatuko da Olazti-Urbasa Rallysprinta. Proba maiatzetik azarora atzeratzea erabaki zuten antolatzaileak, Sakana Motorsportek. Bihar jokatuko da, larunbatarekin, probako 3. edizioa. Proba antolatzeko Nafarroako Automobilismo Federazioaren, Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen, Bierrik fundazioaren eta hainbat laguntzaileren babesa du Sakana Motorsportek.
III. Olazti-Urbasa Rallysprintak Nafarroako Pilotu eta Kopilotuen Rallye Txapelketarako eta Nafarroako Pilotu eta Kopilotu juniorren Rallye Txapelketarako puntuatzen du. Proba 14:00etan hasiko da, baina Urbasako errepidea 9:00etan itxiko da eta Olaztira doana 12:00etan itxiko da.

5,5 km-ko zirkuituari lau itzuli
Ibilbidea aurreko urteetakoa izanen da. Olaztiko kale, txoko eta errepideetatik barna 5,5 km-ko zirkuitua prestatu du antolakuntzak, eta aipatu zirkuituari lau itzuli egin beharko dizkiete autoek. Olaztiko herri gunean hasiko da , Urbasako Altamiraraino igo, Altsasuranzko bidetik jaitsi eta Olaztiraino helduko dena, bihurgunez, aldapaz eta zailtasun teknikoko maniobraz josia. Zirkuitu horri 4 pasada egin beharko dizkiote pilotu eta kopilotuek. Ibilbideak denetatik du: bidegurutzeak, aldapak, espaloiak, maldak edo rasanteak, chicaneak…

49 auto, orain arteko kopuru handiena
49 autok izena eman dute III. Olazti-Urbasa Rallysprintean aritzeko, orain arteko parte-hartzerik handiena, aurreko urtean 35 ibilgailu izan baitziren. Olaztikoa Nafarroako Rallye Txapelketarako baliagarria den azken proba da, txapelduna erabakiko duena, eta lehia estua espero da.
2014an Martin Villares eta Andoni Blas (Renault Clio) izan ziren azkarrenak (14:00.700), Juan Jose Sanz pilotuari eta berari laguntzen ibili zen Javier Goikoetxea kopilotu sakandarrari (Renault Clio Sport) 20 segundo atereaz. Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarra izan zen lehen sakandarra, Lander Mella kopilotuaren laguntzarekin (Renault 5 GT Turbo). 10.ak sailkatu ziren (15:19.200).

Pilotu-kopilotu sakandarrak
Pilotu eta kopilotu sakandar ugari lehiatuko dira bihar: Garikoitz Flores-Iñaki San Migel (Mitsubishi Lancer EVO VI), Garikoitz Goñi-Ricardo Garriz (Renault Megane), Iban Lopez de Goikoetxea-Javier Goikoetxea (Renault 5 GT Turbo), Arkaitz Irigoien-Juan Bidegain (Renault R11 Turbo), Aitor Fernandez-Eneriz Besga (Golf), Mikel Mendinueta-Joseba Berasategi (Peugeot 205 GTi) eta Oier Larrañaga-Eneko Aristu (AX GT). Iñaki Gastaminza kopilotua Egoitz Korosorekin (Clio Sport) ariko da eta Iker Askargorta kopilotua Isaak Zurbanorekin (Opel Kadett GSI).

Segurtasuna bermatzeko kasu antolatzaileei
Eguraldi nahiko kaxkarra iragarri dute, baina hala ere probak jendetza erakarriko duela uste du antolakuntzak. Ikusleei, baimenduetako eremuetan kokatzeko deia egin die antolakuntzak, segurtasuna bermatzeko. Hortik kanpo ez kokatzeko deia egin du Sakana Motorsportek. “Segurtasuna ezinbestekoa da. Kotxe karreraz ari gara. Horregatik antolakuntzari eta segurtasun taldeari kasu egin behar zaio” nabarmendu dute. Halaber, ibilbide barruan ez aparkatzea eta norberak bere zaborra gordetzea, Urbasa parke naturala baita, eskatu dute.

Nahiz eta lehendabiziko autoa 14:00etan atera, goiz goizetik zer ikusi egongo da Olaztin. Clinker aurreko futbito pistan bilduko dira ibilgailu guztiak, egiaztapenak pasatzeko. Handik banaka-banaka joango dira irteera eremura (Ameztia kalea). Giroa lehen ordutik bermatuta dago.

Zozketa
Rallya jarraitzera gerturatzen diren zale guztien artean 2 lagunendako Kaiku produktuen lote bana zozketatuko dira. Sarrera ordaintzearekin batera ikusleek jasoko duten flyerrean sarirako zenbakia izanen dute. Zozketa larunbatean bertan egingo da, sari banaketarekin batera, eta zenbaki sarituen berri astelehenetik aurrera Guaixeren sare sozialetan emanen da.

Egitaraua
8:00etatik 12:00etara: Ibilgailuen egiaztapen tekniko eta administratiboak eta ibilgailuen aurkezpena Clinker aurreko aparkaleku itxian.
13:00etan: Probara onartutako kotxeen zerrendaren publikazioa Clinker jatetxean.
14:00etan: Lehen parte-hartzailea aparkaleku itxitik aterako da asistentzia parkerantz.
15:30ean: Lehen parte-hartzailearen irteera, irteera gunetik.
20:40ean: Lehen parte-hartzailearen helmugaratzea.
21:30ean: Emaitzen publikazioa eta sari ematea Clinker jatetxean.