Azkenean iritsi da garaipena: III. Olazti-Urbasa Rallysprinta Garikoitz Floresendako

Guaixe 2015ko aza. 23a, 13:46

Euriari eta hotzari aurre eginez, 44 autok hartu zuten parte Olaztiko Rallysprintean. Garikoitz Flores lakuntzarrak irabazi zuen proba

Euria, haizea, langarra eta hotza. Panorama hori zuten Sakana Motorsportek antolatutako III. Olazti-Urbasa Rallysprintean parte hartu zuten pilotu eta kopilotuek. Eguraldiak ikusleengan izan zuen eragina, eguraldi horrekin zaletu gutxiago hurbildu baitziren proba jarraitzera, baina pilotu eta kopilotuek erronka moduan hartu zuten egoera. “Uretako gurpilak jarri eta listo. Ez dago arazorik” zioten autoen egiaztapen teknikoak pasatzen ari zirenean.

 



Mitsubishien artean
Proba puntualki hasi zen, 14:00etan, eta, azkenean, 44 autok parte hartu zuten. III. Olazti-Urbasa Rallysprintak Nafarroako Pilotu eta Kopilotuen Rallye Txapelketarako eta Nafarroako Pilotu eta Kopilotu juniorren Rallye Txapelketarako puntuatzen zuen. “Panorama eta eguraldi honekin Mitsubishien artean erabakiko da proba” esan zigun zaletu batek. Eta bete betean asmatu zuen. Antolakuntzak herriko kalexketan eta Altamiran barna antolatutako 5,5km-ko zirkuitu ederra lau aldiz osatu behar izan zuten. Eta hasieratik ikusi zen borroka estuena Garikoitz Flores-Iñaki San Migelek (Mitsubishi Lancer EVO VI) eta Joseba Beola-Jose Luis Iratzokik (Mitsubishi Lancer EVO VI) izango zutela. Lehendabiziko eta bigarren itzulian Flores eta San Migel gailendu ziren, eta bigarrenean eta laugarrenean, aldiz, Beola eta Iratzoki, baina lau itzulietako denborak gehituz txapela Garikoitz Flores lakuntzarrak eta Iñaki San Migelek jantzi zuten (16:31.300), Joseba Beolari eta Jose Luis Iratzokiri 2 segundo eskas aterata (16:33.200). Azkenaldi honetan aritutako lasterketetan sarritan izan da podiumean Flores, baina orain arte ez du podiumaren gorenera igotzeko aukerarik izan. Iñaki Alegria eta Luis Zabalza (Ford Escort Cosworth) igo ziren podiumeko hirugarren tokira (16:46.000).



Beste sakandarrak
Parte hartu zuten 44 autoetatik 33k osatu zuten proba. 11 parte-hartzailek proba utzi behar izan zuten, ibilbidetik atera edo matxurak zirela medio. Tartean zeuden Arkaitz Irigoien eta Juan Bidegain tartean (Renault R11 Turbo). Lehen itzulian arazoak izan eta gero proba utzi behar izan zuten.

Gainontzeko pilotu eta kopilotu sakandarrek lan polita egin zuten. Garikoitz Goñi eta Ricardo Garriz seigarrenak sailkatu ziren (Renault Megane, 17:22.700). Egoitz Coroso pilotu aguraindarrarekin aritu zen Iñaki Gastaminza bederatzigarrena sailkatu zen (Clio Sport, 17:42.300) eta Iban Lopez de Goikoetxea eta Javier Goikoetxea olaztiarrak hamabigarrenak izan ziren (Renault 5 GT Turbo, 17:56.240). Mikel Mendinueta pilotu arbizuarra eta Joseba Berasategi hamalaugarrenak sailkatu ziren (Peugeot 205 GTi, 18:10.300), eta Isaac Zurbano pilotuarekin aritu zen Iker Askargorta hamaseigarrena (Opel Kadett GSI, 18:13.700). Bukatzeko, Oier Larrañaga eta Eneko Aristu 26. Postuan sailkatu ziren (AX GT, 18:54.900) eta Aitor Fernandez eta Eneriz Besga 29.ak (Volkswagen Golf, 19:27.000).