Azaroaren 25a dela eta Olatzagutian antolatutako egitaraua despeditzeko Plataforma Tirantek La máquina del dueño antzezlana ekarriko du. Emakumeenganako indarkeria sistemikoa ardatz duen obra Estibaliz Villa eta Jose Ibn-k zuzendu dute; Villa bera Alex Antunezekin batera igoko da eszenatokira.
Han irudi errealen ikus-entzunezko proiekzioa, dantza garaikidea, propio sortutako soinu banda eta gure kulturaren egunerokotasunetik gertu dauden testu iradokitzaileak izanen dira. Guztiek, bidaia intentsu batean, gure baitako (ez)ezagunera garraiatuko gaituzte. Azken finean, gure barrura begiratzeko eta errealitatea, gure ingurua, erlazioak, sinesmenak eta sentimenduak, jokabideak eta maitatzeko moduak kritikoki begiratzeko probokazioa da antzezlana.
Obrak honako hausnarketa du abiapuntu: sistema bidegabe baten produktu gara eta bidegabekeria hori birsortzen segitzera behartzen gaitu. “Indarkeria gure gizartearen eta gure harremanen elementu antolatzaile gisa hartzen dugu. Indarkeria hori berezkotzat hartzen dugu, eta eguneroko jasaten dugu eta indiferentziaz gauzatu, eskubideak eta pribilegioak onartuz, bai eta zigorraren penitentzia onartuz”. Antzezlanak hausnarketa izan nahi du, gonbidapen bat, eraikuntza berri bat lortzeko, sistema bidegabea irauli egiteko: beste arau batzuk dituen sistema berri bat.