3MBk Hondakinen Kudeaketa Plan Integralerako ideia sorta ekarri ditu Bartzelonatik

Guaixe 2015ko abe. 1a, 18:54

Bartzelonako topaketan parte hartu zuten ordezkarietako batzuk.

Bartzelonan errausketaren aurkako eta zero zabor egitasmoaren aldeko II. Nazioarteko Topaketa egin zen azaroko azken asteburuan. 3 Mugak Batera (3MB) plataformako kideak ere han izan ziren. 3MB-eko kideen iritziz “Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integral berria egiten ari den garai honetan topaketan eztabaidatutako guztia kontuan hartu beharko litzateke”.

Topaketaren ondorietako bat da estatuak hondakin errausketa zementu-fabriketara bideratzearen alde egiten ari direla. Bi arrazoi leudeke horren atzean. Batetik, errausketa planta eraikitzeak duen kostuaren arazoa saihesten da. Eta, bestetik, “herritarren erantzuna ere apaltzea lortzen dute, oro har herritarrek jarduera honen arriskuaz ohartu arren, nahi gabe ere urte luzez ezagutu duten zementu-fabrika baten ekoizpenarekin nahasten dutelako”.

Ondorio gehiago
Topaketan “laborategitik ateratako kontzeptu berri” gisa definitu dute “Hondakinetatik Eratorritako Erregaia” (HEE) definizioa. Aurretik, “energia balorizazioa” eta beste kontzeptu batzuekin gertatu den bezala. “Hondakinak hondakin izateari utzi eta erregai bihurtzen direla esanez herritarrak lotsagabeki engainatu” nahi dituztela salatu dute Batzelonan bildutakoek. Aldi berean, gaztigatu dute HEEn erkidegoen arteko eta nazioarteko hondakinen salerosketarako mugak gainditu egiten direla.

Bartzelonako topaketan zeuden guztiak argi zuten errausketa ez dela konponbidea eta zero zabor sortzearen aldeko apustua egin behar dela aldarrikatu dute. “Ekoizten den material orok birziklagarria behar luke eta horrek materialak berreskuratzean oinarritutako ekonomia zirkularra indartuko luke”. Nazioartean zero zabor helburuak neurri handian lorgarriak direla egiaztatzen duten esperientzia ugari daudela ere gaztigatu dute. Ezartzen ari diren esperientzien artean zerrendatu dituzte: ingurumen hezkuntza programak, gaikako hondakin bilketa, gai ez-birziklagarrien berdiseinu industriala eta abar . Ohartarazi dutenez, “lortzen ari diren emaitzak ikusgarriak dira”.

Adostasuna lortu dute ere “hondakin errausketa zigortuko duen legeriaren alde egin beharrean” ere.  Horregatik gaixotzen direnen zainketa eta tratamenduek sortzen duten gastua errausketaren arduradunen gain jarri beharko liratekeela esan dute; “kutsatzen duenak benetan ordain dezala egiten duen kaltea”. Bestalde, Hondakin Prebentziorako Legea bultzatu beharra sumatu dute.  Han jasoa geratuko litzateke: ekoizlearen ardura sustatzea, erabilera bakarreko produktuen ekoizpena debekatzea (plastikozko poltsak, kafe kapsulak…), ahalik eta hondakin gutxien sortzea…